Getbcon, beacon-etan oinarriturik kirol ekitaldiei buruzko informazioa ematen duen aplikazioa

2015ko Iraila 28,

spri_tics_GetMobileAppsFutbol
Kirol-, turismo- eta aisialdi-ekitaldietarako Getbcon aplikazioa.

CEiA-Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroan kokatutako GetMobileApp enpresak Getbcon aplikazio mugikorra sortu du. Zerbitzu horren bidez ekitaldiei, saltokiei eta aisialdiko jarduerei buruzko informazio eguneratua jaso daiteke smartphone-tan, erabiltzailearen kokapenaren arabera.  

Aplikazioak beacon teknologia erabiltzen du informazioa denbora errealean bidaltzeko, eta sektore desberdinetan erabil daitekeen arren, Arabako startup-ak kirol ekitaldien esparruan espezializatzea erabaki du. “Beacon-etan oinarritutako aplikazio gehienak retail sektorera bideratuta daude, baina ikusi dugu baduela potentziala kirol ekitaldien munduan, 25.000 edo 30.000 lagun inguruko publikoa baitu”, azaldu du Eduardo Padillak, GetMobileApps enpresako zuzendari nagusiak eta beacon bidezko mugikortasunean adituak.

Irailaren 23an lehen proiektu pilotu bat jarri zuten martxan R.C. Celta de Vigo eta F. C. Barcelona futbol taldeen arteko partiduan, eta urrian pilotu gehiago egingo dituzte Bigarren Mailako hainbat partidutan, aplikazioa probatzeko eta futbol kluben artean ezagutzera emateko. Ekitaldi horietan, partidura joan diren eta Getbcon aplikazioa deskargatzen duten pertsonek informazio interesgarria jasoko dute, esaterako, taldeen hamaikakoak, estatistikak eta zelaian gertatzen dena. “Ez ditugu erabiltzaileak saturatu nahi, horregatik bospasei jakinarazpen bidaliko ditugu partidu bakoitzean” azaldu du Eduardo Padillak. Klubetako marketin departamenduekin lankidetzan osatzen da bidaltzen den informazio hori, eta halakorik ez badute ere, edukiak kudeatzeko aukera ematen die enpresak. Negozio-eredua babesleen publizitate ez inbaditzailean oinarritzen da, eta eskaintza zehatzak dituzten saltokiei buruzko informazioan ere bai.

Startup-a iazko azaroan sortu zen eta Getbcon da bere lehen produktua. Aplikazioa ez dago bakarrik pentsatuta futbol ekitaldietarako; saskibaloi eta hipika topaketetan ere probatu dute, eta turismoaren sektorean erabili ahal izateko egokitzen ari dira orain.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke