Genero etenarekin amaitzearen erronka IKTen sektorean

2016ko Martxoa 10,

WeHubs sarearen irudia, web arloko emakume ekintzaileentzako sarea, EBk finantzatua.

Europarentzat sekulako aukera da genero berdintasuna lortzea Informazio eta Komunikazio Teknologiekin lotutako sektoreetan, zeren Batzordearen txosten batek dioenez, Europako BPGari 9.000 milioi euro erantsiko lizkioke emakumeak merkatu digitalean sartzeak. Gainera, emakumezko profesionalen lan aukerak zabalduko lirateke, datozen urteetan gehien haziko den sektorea baita.

Dena den, oraindik genero eten handia dago teknologiarekin lotutako esparruetan, hala unibertsitatean nola lan-merkatuan. UPV/EHUn bakarrik, %20 baino gutxiago dira ingeniaritzako ikasketak egiten ari diren emakumeak, eta Europan, IKTekin lotutako tituluak dituzten 30 urtetik gorako emakumeen %20k bakarrik lan egiten dute sektoreko enpresetan.

Women active in the ICT sector txostenak dio hainbat direla eten horren arrazoiak: genero rolekin lotutako estereotipoak eta barneko hesiak, baina baita ere kanpokoak , gizonezkoek menperatzen duten ingurunea baita, bizitza profesionala eta pertsonala bateratzeko zailtasunak eta erreferentziazko eredurik eza sektorean.

DG Connect enpresako zuzendariorde nagusi Claire Buryk azpimarratu duenez, Europako Batzordeak hainbat estrategia jarri ditu martxan bide horretan aurrera egiteko, esaterako, politikak eta laguntza programak. European Network of Women Web Entrepreneurs Hub da horietako bat, emakume ekintzaileak antolakundeekin, tutoretza programekin eta inbertitzaileekin konektatzeko sarea.

Europan urtero egiten da EU Code Week topaketa. Astebeteko ekitaldi bat da eta bertan antolatutako jardueren bidez, programazioarekiko interesa pizten saiatzen dira haur eta nerabeen artean. Topaketa horietan badira, bereziki, neskei zuzendutako jarduerak ere. Arlo profesionalean, DG Connect enpresak emakumeak animatzen ditu Independent Expert Database plataforman parte hartzera, non aditu independenteek laguntza eskaintzen baitute Europako I+G-ko programa eta ekintzetarako.

Euskadin, berriz, Emakumeekin elkartea dago martxan; emakume ekintzailez osatutako sare bat da, eta laguntza, prestakuntza eta sare profesionaletarako sarbidea eskaintzen dute emakumeen presentzia handitzeko sektore guztietan (ez soilik IKTenean). Bestalde, martxoaren 9an Emakume Teknologoaren Ada Byron Sariak banatu ziren Bilbon, emakumezko profesionalek zientziaren eta teknologiaren esparruetan egiten duten lan garrantzitsua ikusarazteko. Sariketaren hirugarren edizioan, adimen artifizialeko ikerlari Nuria Oliverrek jaso du sari nagusia.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke