Gasteizek zero CO2 hiria bultzatuko du SmartEnCity proiektuarekin

2016ko Martxoa 16,

SmartEnCity proiektuak energia eraginkortasuneko eta mugikortasuneko konponbideak inplementatuko ditu IKTen bidez.

Arabako hiriburuak eta Europako beste bi hirik parte hartuko dute SmartEnCity proiektu europarrean. Ekimen horrek, Horizontea 2020ren “Hiri eta Komunitate Adimendunak” programaren barruan kokatzen denak, ekintza zehatzak jarriko ditu martxan, IKTen bidez energia eraginkortasuna eta mugikortasuna hobetzeko eta, bide horretatik, CO2 gabeko hiriak lortzeko.

Gasteizen kasuan, bost helburu nagusi finkatu dira. Koroatze auzoan proiektu pilotu bat garatuko da etxebizitzen energia eskaera murrizteko birgaitze energetikoko proiektuak abiaraziz, eta energia berriztagarrietan oinarritutako berogailu sistema bat sortuko da auzorako. Hona hemen beste hiru helburuak: hiri mugikortasuna sustatzea ibilgailu elektrikoak eta konponbide kolektiboak erabiliz, plataforma bat sortzea energia kontsumoa monitorizatzeko eta kudeatzeko, eta hiritarren parte-hartzea integratzea prozesuan.

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak diseinatu eta inplementatu dute onlineko plataforma, non inplikatutako hirietako datuak jasoko baitira: Tartu (Estonia), Sondeborg (Danimarka) eta Gasteiz. Plataforma horretan energia kontsumoari eta CO2 isuriei buruzko informazioa prozesatuko da, eta patroiak ere aztertuko dira, eraginkortasuna hobetuko duten gomendioak egiteko. Tecnaliak koordinatuko du proiektua, eta euskal enpresa gehiagok ere parte hartuko dute, hala nola, Fagor Ederlanek, ACEDEk eta Euskadiko Etxetresna Elektrikoen Klusterrak.

SmartEnCity otsailaren 1ean abiatu zen ofizialki, eta 4 urteko iraupena izango du. Gasteizek 11 milioi euro inguruko laguntza jasoko du proiektuko ekintzak inplementatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke