FET Open, finantzaketa aukerak berrikuntza teknologiko erradikalentzat

2016ko Urtarrila 21,

FET Open programak bi deialdi ditu zabalik.

FET Open-Future and Emerging Technologies Europako Batzordearen programa bat da, Horizontea 2020 proiektuaren barruan dagoena, eta helburutzat du teknologia disruptiboen garapeneko hasierako ikerketa-fasean dauden ekimenei laguntzea. FET Open programak finantzaketa eskainiko die praktika berritzaileen bidez etorkizuneko teknologiak garatzeko potentziala duten ikerketa proiektuei, ez-ohiko kolaborazioei edo berrikuntza disruptiboen garapenari.

Programak bi deialdi dauzka zabalik; bata, Ikerketa eta Berrikuntza Kolaboratiboko Ekintzetarako (RIA) eta, bestea, Koordinazio eta Laguntza Ekintzetarako (CSA). Bi kasuetan, aurtengo maiatzaren 11n amaituko da proiektuak aurkezteko lehenengo epea.

Research and Innovation Actions izeneko lehen deialdiak aukera teknologiko berriak irekiko dituzten ikerketak bilatzen ditu, oraindik fase goiztiarrean daudenak. Proiektuek epe luzerako ikuspegia izan beharko dute, disruptiboa eta arrisku handikoa. Era berean, diziplina anitzekoak izan beharko dute eta jakintza-eremu desberdinetako kolaborazioak irekiko dituzte. Deialdi honek 84 milioi euroko aurrekontua du guztira.

Bestalde, Coordination and Support Actions deialdiak oinarritzat ditu jakintza-arlo zientifiko industrialera komunikatu, trukatu eta eramateko proiektuak, lau azpi-taldetan sailkatuta: Communication, Exchange, Conference eta Innovation Greenhouse. Kasu honetan, finantzaketa-aurrekontua 3 milioi eurokoa da.

FET Open programaren asmoa da gizartea eraldatuko duten teknologia disruptiboak garaiz detektatzea, ikerketari fase goiztiarretik laguntzeko. Halaber, potentzial handiko eragile berriak identifikatuko ditu, esaterako, ikerlari gazteak eta goi-mailako teknologiako ETEak.

Urtarrilaren 25ean deialdi berrien aurkezpen jardunaldia egingo da Bruselan, Research Executive Agency eta DG Connect erakundeek antolatuta. Saioa streaming bidez emango da zuzenean, eta ondoren, argitaratu egingo dira topaketako aurkezpen guztiak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke