Euskadik bere turismo ataria berritu du nazioarteko merkatura irekitzeko

2015ko Ekaina 15,

spri_tics_euskaditurismo
Euskaditurismo.eus.

Abian da euskaditurismo.eus atari berria, Euskadiko turismo, kultura, gastronomia eta aisialdi eskaintza nazioarteko bisitariei hurbiltzea helburu duena. Web orri berri horrek 6.000 eduki baino gehiago eskaintzen ditu bost hizkuntzatan: ingelesez, alemanez, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz.  Horiez gain, espazioan eduki garrantzitsuak daude halaber txineraz, errusieraz, portugesez eta japonieraz. Webgune horren helburu nagusia da Euskadi ezagutaraztea merkatu zabalago batean, Eusko Jaurlaritzak EAE Interneteko jomuga turistiko gisa posizionatzeko bultzatu duen estrategiaren barruan.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordetzak eta Basquetour sozietate publikoak bultzatutako atari horrek hainbat atal ditu, askotariko gaiei buruzko informazio baliagarria eskaintzeko: gastronomia, ostatua, toki interesgarrienak, ibilbideak edota bisitari profilen araberako plan espezifikoak.

Euskaditurismo.eus atariko espazio aipagarrienetako bat 100% Basque da, non jarduera orijinalak proposatzen baitira euskal kultura, natura eta historia deskubritzeko ikuspuntu desberdinetatik. Atal honetan aurki daitezke, esaterako, pottoken gainean egiteko ibilbideak, kontuan hartu behar baita pottokak direla Europako zaldi arraza zaharrenetakoak eta Euskadin bakarrik gelditzen direla; baita ere egun batez artzain izateko esperientzia, edo bertako herri-kirol bat praktikatzeko aukera. Atarian jarduera gastronomikoak ere badaude: txakolinaren historiaren ibilbidea edo Idiazabal gaztaren eskualdekoa, eta, azkenik, surfa, mendiko bizikleta edo hegaztiak behatzea maite dutenentzako aukera espezifikoak.

Bilbomática enpresak garatu du web berria eta smartphone, tablet, PC nahiz pantaila handientzako diseinu espezifikoak dauzka. Gainera, edukiak nazioarteko publikoari zuzendutako kanal berriekin osatzen dira Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube gisako sare sozialetan. Euskadi jomuga turistiko gisa merkatu berrietan ezagutzera emateko estrategiaren barruan, App Basque Magazine tabletentzako aldizkari espezifikoa argitaratu da euskara, gaztelania, ingeles, frantses eta alemanezko edukiekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke