European Ecommerce Conference topaketak balioan jarriko du emakumeek IKTen sektorean duten papera

2015ko Iraila 23,

spri_tics_EEC2015
EEC15-n emakumeek IKTen sektorean duten presentziari eskainitako espazio bat egongo da.

Negozio digitaletako azken joerei buruzko EEC15 topaketan saio bat egingo da emakume profesionalen presentzia bultzatzeko eta ikusgarritasuna emateko teknologien esparruan. Women in Tech izenburupean,  mundu digitalean esperientzia zabala duen hizlari multzo bat bilduko da eta emakumeek IKTekin lotutako sektore profesionaletan duten paperari buruz mintzatuko dira. Topaketaren helburua da erreferenteak eskaintzea emakumezko teknologoek protagonismo handiagoa har dezaten, eta baita ere askotariko formulak eztabaidatzea emakumeek esparru horietan presentzia handiagoa lor dezaten.

Azken urteotan asko ugaritu da STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) karrerak aukeratzen dituzten emakumeen kopurua, baina etena handia da oraindik, bai Espainian eta bai Europan. 45 urte baino gehiagokoen artean, sektore teknologikoetan lan egiten duten profesionalen %8 bakarrik dira emakumezkoak eta portzentajea %20koa da 30 urte baino gutxiagoko profesionalen artean. Europako Batzordeak dioen bezala urtean IKTekin lotutako 100.000 lanpostu berri sortzen badira, funtsezkoa da emakumeen presentzia bultzatzea sektore horietan.

Girls in Tech irabazi asmorik gabeko erakundea da nesken artean ikasketa teknologikoen aldeko interesa piztu nahian ari den antolakunde garrantzitsuenetako bat. Erakunde horren helburua da emakume profesionalen presentzia ikusaraztea eta ezagutzak trukatzeko topaguneak sortzea. Girls in Tech San Frantziskon sortu zen 2007an, eta gaur egun 20 herrialde baino gehiagotan du presentzia, besteak beste Espainian.

Women in Tech topaketan parte hartuko du Marina Serranok, Girls in Tech España erakundearen fundatzaile eta zuzendariak eta Telefónica I+D-ko Software Developer-ak. Jardunaldian izango dira baita ere Yolanda Rueda, Cibervoluntarios erakundeko presidentea, Carme Artigas, Synergic Partners erakundearen fundatzailea, Dolors Reig, psikologo sozial, blogari eta aholkularia eta Silvia Leal, lidergoan eta energia berritzailean aditua.

European Ecommerce Conference ekitaldia azaroaren 18an eta 19an egingo da Bilbon, “Reshaping the future of digital economy” izenburupean. Ekitaldian e-commerce arloko enpresa eta startup berritzaileenetako batzuen arduradunek parte hartuko dute eta askotariko gaiei buruzko hitzaldiak eskainiko dira: sharing economy, kanal anitzeko estrategia digitalak, eta B2B marketin eta merkataritza digitaleko inguruneetan. EEC15 kongresua Adigital-Espainiako Ekonomia Digitaleko Elkarteak antolatu du eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du SPRIren bitartez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke