Europako cloud computing merkatuak 44 mila milioi euro baino gehiago sortuko ditu 2020an

2015ko Uztaila 02,

spri_tics_CloudComputingEuropa2020
Digital Agenda for Europe txostenaren irudia.

Lainoko konputazioa izugarri hedatu da azken bost urteetan: datuak biltegiratzeko aplikazio eta zerbitzuak, enpresen kudeaketa, segurtasun sistemak… Gero eta enpresa gehiagok erabiltzen dituzte horrelako IKT konponbideak, bai korporazio handiek, eta bai ETEek edo beren proiektua abian jarri berri duten ekintzaileek. Dena den, lainoko zerbitzu eta aplikazioen Europako merkatua oraintsu hazten hasi da, izan ere, aurreikuspenen arabera, 2020an 44’8 mila milioi eurora iritsiko omen da, 2013an baino ia bost aldiz gehiago (9,5 mila milioi).

Datu horiek  ekainean argitaratutako SMART 2013/0043 – Uptake of Cloud in Europe txostenetik atera dira, zeina IDC aholkularitzak egin baitu Europako Batzordearentzat. Azterlan horren helburua da cloud computingaren sektoreak EB-28ko ekonomian 2015etik 2020ra izango duen eraginaren balioespen kuantitatiboak egitea, eta Europako Batzordeak aurtengo maiatzean ezagutzera emandako Merkatu Digital Bakarraren estrategian sartzen da.

Egia da ez dagoela erabateko segurtasunik datozen urteetako hazkunde ekonomikoari buruz, baina txostena egin duten adituek balizko eszenatoki baten aldeko hautua egin dute: cloud computing zerbitzuetan egiten den gastua IKTen arloko guztizko aurrekontuaren %10,8koa izango da EBn -2013an %3aren azpitik zegoen- eta ia milioi bat lanpostu sortuko dira sektore horretan.

Azterlanaren arabera, 2015aren amaieran enpresen %70 inguruk lainoan oinarritutako konponbide bat izango dute gutxienez; batzuk posta elektronikoa kudeatzea helburu duten aplikazio sinpleak izango dira, eta beste batzuk, berriz, zerbitzu sofistikatuagoak, hala nola CRM konponbideak eta datuen kanpo biltegiratzea. Lainoko zerbitzuek aukera ematen diete enpresa txikiei lehen eskuratu ezin zituzten aplikazioak eskuratzeko, eta horri esker halako zerbitzuak ia berdin ari dira hedatzen konpainia handien nahiz ETEen artean: urtearen amaierarako cloud konponbide bat izango dute gutxienez 250 langile baino gehiago dituzten enpresen %76,6k eta enpresa txiki eta ertainen %63,7k.

Bada kontuan hartzeko moduko beste datu bat: horrelako zerbitzuak asko aldatzen dira jarduera sektorearen arabera. Esaterako, finantzen arloan segurtasun konponbideak erabiltzen dira nagusiki, eta banaketa konpainien artean, berriz, CRM aplikazioak dira nagusi. Txostenak dioenez, horrek esan nahi du “taila bakarreko” sistemek ez dutela balio lainorako, eta zerbitzu hornitzaileek bezero bakoitzaren premien araberako produktuak eskaini behar dituztela.

Azkenik, azterlanean jasota dago baita ere enpresak kezkatzen dituen eztabaida bat: non biltzen da lainoko informazioa? Nork eskuratu ditzake datu horiek?  Europako Batzordea berriro idazten ari da datuen babeserako zuzentaraua, ziurtatzeko berdin interpretatzen dela Europar Batasun osoan.  Epe laburrean hori onuragarria izango da Europako hornitzaileentzat, baina epe luzera industriak berak erantzungo die segurtasunaren inguruko kezka horiei, eta une horretatik aurrera bezeroak izango dira cloud zerbitzu hornitzaileak hautatuko dituztenak, eskainitako zerbitzuaren kalitatearen eta prezioaren arabera.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke