Esperientzia berriak IKTen bidez turismoa berrasmatzeko

2015ko Azaroa 09,

Turistopia Yimby Bilbao espazioan antolatuko da azaroaren 19an.

Azaroaren 19an Turistopia topaketa egingo da Bilbon, non esperientzia turistiko desberdinak sortzeko proiektuak eta ideiak partekatuko baitituzte “Eta turismo berria irudikatzen badugu?” izenburupean. Ondarea berriro deskubritzeko soinu paisaiak, etxe partikularretan kontzertuak antolatzeko plataformak edo teknologia interaktiboak turismo bulegoetan; horra  jardunaldian erakutsiko diren proposamen batzuk.

Topaketako parte-hartzaileen artean aipatzekoa da Unai Baeza, Virtualware euskal enpresako zuzendari nagusia eta Smart Tourist kontzeptuaz mintzatuko dena. Smart Tourist kontzeptuak esan nahi du Internet, sare sozialak eta aplikazio mugikorrak erabiltzea esperientzia turistiko osoan, bai informazioa bilatzeko eta bai bidaian izandako bizipenak kontatzeko. Virtualware enpresak espazio interaktibo bat garatu du berriki Calonge (Girona) hiriko Udalaren turismo bulegoarentzat. Espazio horretan videowall bat dago, eta ukimenezko hamar pantaila ere bai, 3D mapa baten bidez ingurua esploratzeko.

Esperientzia sentsorial berrien bilaketari dagokionez, jardunaldian ekimen bi aurkeztuko dira soinuan oinarritzen direnak jomugak deskubritzeko modu desberdin bat eskaintzeko. Lehenak #EscuchaLaPalma du izena, Palmako Turismo Patronatuak bultzatu du eta soinu paisaiak erabiltzen ditu uharteko ondare ekologikoa nahiz kulturala sustatzeko. Lehen ekimen gisa, bloglari bidaiarientzako lehiaketa bat antolatu zuten, eta soinu ibilbide horiek entzungai daude proiektuaren atarian. Bigarren proposamenak Atlas du izena. Ikusizko ezintasuna duen Antonio Chávez musikariak sortutako onlineko bidaia-liburu bat da, non hainbat herrialdetako esperientzia sentsorialak eskaintzen baititu soinu, irudi eta testuetan oinarriturik.

Turistopian baita ere aurkeztuko dira Myplayz plataforma, kultur ekitaldiak antolatzeko espazio pribatuetan (etxeak, zabaltzak, bulegoak, e.a.), eta LaFabrikaBilbao proiektu publiko-pribatua, zeinak aisialdiko proposamen berriak bultzatzen baititu enpresen laguntzarekin. Anna Domingo marketineko adituak eraikin berezien potentzial turistikoa izango du hizpide, Londreseko Shard etxe-orratzen esperientzia oinarritzat harturik, eta Javier Abregok azalduko du nola aprobetxatu Twitter marketin turistikorako tresna bezala.

Turiskopio enpresak (Bilbao Ekintzaren laguntzarekin) antolatutako Turistopia ekitaldia Yimby Bilbao espazioan egingo da.

EscuchaLaPalma Road Trip

 



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke