ESLEk 10 urte bete ditu eta teknologia libreen sustapenerako erreferente bihurtu da

2015ko Azaroa 17,

Euskadiko Software Libreko Enpresa Elkarteak hamargarren urteurrena ospatu du

Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea 2005ean sortu zen. Enpresa txiki eta startup multzo batez osaturik dago eta denek dute helburu bera: software librea eta teknologia irekiak sustatzea. Hamar urte igaro dira sortu zenetik eta Estatuko erreferentziazko elkarte bihurtu da, bitartekaritza-lanak egiten dituelarik enpresentzat, antolakundeentzat nahiz erakunde publikoentzat.

“Hasieran, software librearen aldeko apustua egin zuten 17 enpresa txiki baino ez ginen. Gizarteari ikusarazi nahi genion nolako abantailak eskaintzen dituen software libreak software pribatiboaren aldean, ezagutza irekitzeko bidea ematen duelako eta tokian tokiko enplegua bultzatzen duelako” azaldu du Eneko Astigarragak, ESLEko presidenteak; “elkartea osatzen duten enpresek eta software libreak bide luzea egin dute hamar urte hauetan”.

Hamarkada bateko ibilbidearen ondoren, ESLEk 40 bazkide inguru ditu, eta konpainia horietako langile kopurua ere nabarmen hazi da, goi-mailako kualifikaziodun 1.500 lanpostu inguru dituztelarik gaur egun. Horrekin batera, software librea eta teknologia irekiak gizarteko askoz esparru gehiagotara zabaldu dira hamar urteotan. “Teknologia irekiak enpresa eta antolakunde guztietara hedatu dira, eta hori oso garrantzitsua izan da” azaldu du Eneko Astigarragak; “gaur egun software librea erabiltzen da sektore industrialetan, zerbitzuetan, bankan… eta erabiltzaileok ere bai noski, egunero baliatzen ditugun aplikazio eta zerbitzu asko software librekoak baitira”.

Elkarteak une honetan helburutzat dauka lanean jarraitzea teknologia irekiak oraindik ezarrita ez dauden tokietan ezartzeko eta software librearen sektoreko enpresei laguntzea, beren lehiakortasuna hobetu eta atzerrira irten daitezen. “Sektore arteko berrikuntza prozesuetan murgilduta gaude eta sektore industrialekin lanean ari gara beren premiei erantzungo dieten konponbideak garatzeko” adierazi du ESLEko presidenteak. Administrazio publikoekin ere kolaboratzen dute ekintzailetza bultzatzeko, esaterako, Errekaldeko AuzoFactory eta antzeko ekimenekin; kasu horretan, Bilboko Udalarekin lan egingo dute teknologia irekietan oinarritutako hiritarren proiektuak sustatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke