Emakumeen presentzia bultzatuz IKTen sektorean

2016ko Martxoa 11,

Emakumeak IKTen sektorean, Europako Batzordearen irudia.

Informazio eta Komunikazio Teknologien sektorean lan egiten duten 7 milioi lagunetatik %30 baino ez dira emakumezkoak. Genero eten horrek bere horretan dirau belaunaldi berrien artean eta aukera-galera dakar neska gazteentzat, Europan azkarren hazten ari den sektorea baita (120.000 enplegu berri inguru sortzen ditu urtean).

Europako Batzordeak adierazi duenez, 2020an IKTetan espezializatutako 900.000 langile inguru beharko dira; gainera, 2013an argitaratutako Women Active in the ICT Sector txostenak dio sektore horretan emakumeen presentzia sustatuz gero 9.000 milioi euroko ekarpena egin liezaiokeela Europako BPGari.

Genero arloko eten digitalaren arrazoiak aztertzeko eta konponbideak bilatzeko egingo da martxoaren 18an, Gasteizen, “Emakumeak, zientzia eta teknologia Ada Lovelace-n berrehungarren urteurrenean” topaketa. Jardunaldi horretan aztergai izango dute zergatik duten emakumeek hain presentzia eskasa STEM karreretan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak) eta horiekin lotutako eremu profesionaletan.

SPRIk antolatutako topaketa hori bat dator denboran Ada Lovelace idazle eta matematikaria jaio zeneko berrehungarren urteurrenarekin, zeina programazio lengoaiaren sortzailetzat jotzen baita. Jardunaldian hainbat hitzaldi eskainiko dituzte askotariko gaiei buruz: genero arloko eten digitala, emakumeek historian zehar esparru teknologiko eta zientifikoan izan duten papera, eta tresnen bilaketa esparru horietan duten presentzia sustatzeko.

Era berean, abian da Deustuko Unibertsitateak antolatzen duen Ada Byron Sariketaren hirugarren edizioa, zeinaren helburua baita karrera zientifikoekiko interesa piztea neska gazteen artean eta sektore teknologikoetan lan egiten duten emakume profesionalen lan garrantzitsua ikusaraztea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke