Edison erronka Bizkaira iritsiko da Gauzen Interneti buruzko hackatoi batekin

2015ko Urria 07,

spri_tics_RetoEdisonHackaton
Erronka da Edison xaflan oinarriturik IoT konponbide berriak bilatzea.

Urriaren 15ean eta 16an Movilforum IoT Hackathon ekitaldia egingo da Getxon, BiscaiTIK Fundazioaren egoitzan, Bake Eder Ezagutza Zentroan. Topaketa  horretan oinarrizko tresna eta ezagutzak eskainiko dira, garapenarekin, diseinuarekin eta marketinarekin lotutako parte-hartzaileek proiektuak sortu ditzaten diziplina anitzeko taldeetan banatuta. Hackatoiaren helburu nagusia da konponbide berritzaileak bilatzea Intel Edison xaflak erabiliz. Horretarako, parte-hartzaileek garapen kit bat izango dute: Intel Edison markako SOC bat, prototipoak egiteko Arduino xafla bat eta hainbat sentsore.

Telefónica fundazioaren Movilforum programak (bazkideen artean ekosistema digitala sustatzen duena) eta BiscayTIK Fundazioak antolatu dute topaketa, eta Edison erronkaren barruan kokatuta dago. Lehiaketa Estatu mailakoa izango da, eta beraz, hackatoiak egingo dira beste hiri batzuetan ere, hala nola Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan. Tailerraren barruan garatutako proiektuak erronkara aurkeztu ahal izango dira, eta hala, FICOD-Eduki Digitalen Nazioarteko Foroan emango diren sarietarako hautagai izango dira.

Aurtengo hau Edison Erronkaren bigarren edizioa da. Edison Erronka lehiaketa bat da, Edison xaflak erabiliz berrikuntza sustatzeko Gauzen Interneten arloan. Ez dago hackatoian parte hartu beharrik lehiaketan ideiak edo prototipoak aurkezteko, edozein proposamen igo baitaiteke Open Future plataformaren bitartez.  Proiektu guztien artean zortzi irabazle hautatuko dituzte, beren aurkezpenak egin ditzaten FICODeko epaimahaiaren aurrean. Sariei dagokienez, Enpresa eta Profesional onenen kategoriako proposamen onenek workstation mugikor bat jasoko dute eta “Promesa” kategoriakoek, berriz, negozioen heltze eta azkartze programetan parte hartu ahal izango dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke