Ecommerce bidezko salmentak %10etik gora haziko dira aurtengo Gabonetan

2015ko Abendua 09,

Adigital Elkarteak egindako txostena.

Gabonetan egingo diren onlineko erosketek 3.460 milioi euro sortuko dituzte Estatuan. Horrek esan nahi du salmenta mota hori %10,06 haziko dela 2014ko zifrekin alderatuta. Datu horiek Adigital-Ekonomia Digitalaren Espainiako Elkarteak eginiko  Gabonetako eCommerce 2015  txostenetik atera dira. Txostenak baita ere aipatzen du euskarri digitalen erabilera hazi egingo dela publizitate kanpainetan, bereziki posta elektroniko bidezko marketina, search marketing delakoa eta sare sozialak.

Gabonak kontsumo handieneko urteko sasoia dira, baita ecommerce-aren kasuan ere, Internet bidez egiten diren salmenten ia %19 epealdi horretan egiten baitira. Adigital elkarteak azterlan bat egin du Confianza Online eta Beruby erakundeen laguntzarekin. Txosten horretan 237 onlineko denda inkestatu dituzte eta Gabonetako kanpainak ecommerce-ean duen eragina neurtu dute.

Azterlanak erakutsi duenez, hauek dira salmenta gehien espero dituzten sektoreak: lehenik eta behin, kategoria anitzeko marketplace-ak, 1.326 milioi euro inguruko aurreikuspenekin, eta ondoren, turismoa, elektronika eta moda eta oinetako eta osagarrien onlineko saltokiak. Internet bidez gehien erosiko diren opariei erreparatuz gero, hauek dira aipatzekoak, garrantziaren arabera ordenatuta: sakelakoak, ordulari adimendunak eta wearable gailuak, osagarriak, kosmetika eta jostailuak.

Gabonetako publizitatean egiten den inbertsioak ere gero eta garrantzi handiagoa du ecommerce-aren esparruan, eta inkestatutako denden erdiak baino gehiagok publizitate estrategiak jarri dituzte martxan kanpainarako. Email bidezko marketina da gehien erabiltzen den kanala, kasuen %85ean zehazki; gero dator search marketing deiturikoa, hau da, bilaketa motorretan ikusgarritasuna izatea (%79); eta, azkenik, sare sozialetako publizitatea, (%75).  Bestelako euskarri digitalak ere erabiltzen dira, hala nola mobile display, aplikazio mugikorrak eta bideo-marketina. Hedabide tradizionalak (prentsa, irratia eta telebista), ordea, gutxiago erabiltzen dira, %16,6 eta %12,5 bitartean.

Establezimendu fisikoetan gertatzen den bezala, denda digital gehienek ere -ia %60k –  eskaintza bereziak egiten dituzte sasoi honetan. Eskaintza horiek  produktu jakin batzuen prezioak murrizten dituzte gehienbat, baina badaude, halaber, bidalketa gastuak dohainik eskaintzen dituztenak edo data hauetarako produktu eta zerbitzu bereziak dituztenak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke