EBk IKTetan oinarritutako berrikuntza sozialeko ereduak bilatu nahi ditu bere politikak hobetzeko

2015ko Iraila 02,

IESI_tics
EBk IKTetan oinarritutako berrikuntza sozialeko ereduak bilatu nahi ditu bere politikak hobetzeko

Informazio eta komunikazio teknologietan oinarritutako berrikuntza soziala (ICT-Enabled Social Innovation) praktika sozial batzuk dira, erronka sozialei erantzun berriak ematen dizkietenak, IKTen erabilpen berritzailea sustatuz, eragileen arteko harreman berriak sortuz edo sorkuntza bateratutako prozesu irekiak bultzatuz. Horrelako proiektuetan Interneteko tresnak erabiltzen dituzte talde sozialen eta administrazio publikoen artean lankidetza sortzeko, hiritarrak boteretzeko edo ezagutzak partekatzeko.

Zentzu horretan, Europako Batzordearen Institute for Prospective Technological Studies ikerketa zentroak IESI ikerketa prozesua abiarazi du. 3 urteko ikerketa bat da eta bere helburua da IKTetan oinarritutako berrikuntza sozialeko ekimenak jaso eta aztertzea. Ikerketa horren xedea da erantzun eraginkorrak bilatzea gizarte arloko erronka handientzat: langabezia, bazterkeria, pobrezia, menpeko pertsonen zaintza eta hezkuntza.

IESI proiektuaren webean badago horrelako ekimenak biltzeko espazio bat, zeina zabalik  baitago IKTak erabiliz premia sozialei konponbide berriak eskaintzen dizkieten proiektuentzat. Espazio horretan IKTen erabilera bere zentzu zabalean ulertzen da, eta bertara biltzen dira oraindik martxan dauden nahiz amaituta dauden ekimen handiak eta tokian tokiko inpaktua dutenak, asmoa baita ezagutza banku bat sortzea berrikuntza sozialaren potentzialari eta teknologia digitalek zerbitzu sozialak hobetzeko prozesuan izan dezaketen paperari buruz.

Proiektuak mapatzeko prozesuaren lehen urtean 70 ekimen inguru jaso dituzte. Horien artean dago, besteak beste, Aurora programa italiarra, zeinak Estatuaren zaintzapean dauden delitugile gazteei laguntzen baitie beren ikasketak jarraitzen onlineko plataforma baten bitartez; aukera ematen die baita ere beren ikastetxeko ikaskideekin elkarreragiteko. IESI proiektuak beste kasu batzuk ere aztertu ditu, hala nola Britainia Handiko Apps for Good, non ikasle gazteek aplikazio mugikorrak eta weberako aplikazioak garatzen ikasten baitute helburu sozialekin, edota Suediako Action plataforma, mendekotasuna duten pertsonen senitartekoei laguntzeko onlineko espazioa, zeinak multimedia materialak eta profesionalekiko konexioa eskaintzen baititu zaintza lanetan laguntzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke