Donostiak ziber-segurtasunari buruzko kongresu bat ostatatuko du enpresentzat eta komunitate zientifikoarentzat

2016ko Otsaila 25,

Europako ziber-segurtasunaren arloko 15 adituk parte hartuko dute kongresuan.Martxoaren 3an topaketa bat egingo da Tabakaleran ziber-krimenaren eta ziber-terrorismoaren aurka borrokatzeko Europako estrategiei buruz.

Martxoaren 3an Cybercrime and Cyberterrorism Research Summit topaketa egingo da Tabakaleran, eta topaketa horren helburua da ezagutzera ematea Europan ziber-krimenaren eta ziber-terrorismoaren arloetan egin diren aurrerapenak. Camino proiektu europarrak antolatu du Kongresua. Camino 2014an sortutako proiektu bat da, zeinak helburutzat baitu ibilbide orri bat egitea ziber-krimenaren aurka borrokatzeko, plataforma egonkor bat sortuz aditu eta ikerketako erakundeentzat.

Topaketarako sarrera doan da, eta ETEei, enpresa industrialei, komunitate zientifikoari eta amaierako erabiltzaileei zuzentzen zaie. Jardunaldi horretan ezagutzera emango dira Camino partzuergoan martxan jarri diren estrategiak, sektore desberdinetako erronkak partekatuko dira, eta bertatik bertara erakutsiko dira Europar Batasunean ziber-segurtasunaren arloko teknologietan eta ikerketetan egin diren aurrerapenak.

Ziber-segurtasunaren arloko akademiko eta adituek parte hartuko dute kongresuan, sei ardatz izango dituen egitarauaren barruan: mehatxuak eta erronkak ziber-krimenaren aurkako borrokan; Camino proiektuaren emaitzak; datuen erregulazioa eta babesa; ziber-segurtasuna ingurune industrialean; ziber-krimenaren aurka borrokatzeko teknologiak; eta ikerketarako eta lankidetzarako sareak. S21sec konpainiak koordinatzen du topaketa. S21sec Camino proiektuko bazkidea da, ziber-segurtasunean espezializatua dago eta Donostian du egoitza.

Camino partzuergoa Europako zortzi herrialdetako bazkidez osaturik dago, partzuergoaren barruan daudelarik, bestek beste, Polonia, Finlandia, Suitza, Irlanda, Britainia Handia, Italia, Frantzia eta Espainiako enpresa teknologikoak, ETEak, ikerketa zentroak eta unibertsitateak. Teknologiaren ikerketa eta garapenerako Europar Batasunaren Zazpigarren Programa Markoak finantzatzen du proiektu hori.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke