Discapp, aparkalekua aurkitzeko aplikazioak irabazi du Cleantech Now lehiaketa

2015ko Azaroa 11,

Discapp aplikazioa.

Discapp sakelako telefonoentzako aplikazioak aparkalekua bilatzen laguntzen die ezgaitasunak dituzten pertsonei eta smart city edo hiri adimendunarekin lotutako teknologiak erabiltzen ditu plaza libreak lokalizatzeko. zekozeko. IEFPS Repelega zentroko ikasle Iván Lópezek bultzatu du proiektua. Ohartu zen bazela gabezia bat arlo horretan eta oso erraza litzatekeela aparkalekua bilatzeko aplikazio bat garatzea mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, bereziki beste hiri batera bidaiatzen duten kasuetarako. Iván Lópezek azaldu bezala, “Portugaletekoa bazara badakizu zeintzuk diren herriko aparkalekuak, baina Bilbora joan behar baduzu, ez duzu jakingo non dauden”, “aplikazio honek mapan kokatzen ditu aparkaleku plazak, eta gainera, libre dauden ala ez esaten dizu”.

Proiektu honek Repsol Fundazioaren laguntza izan du bere inkubazio-fasean eta une honetan azken fasean dago, probak egiten ari baita Repelegako hirigunean ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko. “Portugaleteko Udalarekin hitz egin dugu, eta urtarrilean pilotu bat jarriko dugu martxan: sentsoreak instalatuko ditugu hiriko hiru aparkalekutan” azaldu du Ivánek. Discapp lantaldean beste bi ikasle ere badaude, Xabier Isla eta Naiara Angulo.

Pasa den azaroaren 6an  aplikazioak Cleantech Now! lehiaketa irabazi zuen. Innobasquek bultzatutako ekimen horrek teknologia garbiekin eta sostengarritasunarekin lotutako ideiak saritzen ditu. Gazteek bultzatutako zazpi proiektu aurkeztu dira txapelketan, eta proiektu horiek gai hauen ingurukoak izan dira: energia berriztagarriak, produkzio sistemen automatizazioa, produktuen etiketazioa eta etxe modularren eraikuntza. Sari horri esker, Discapp lantaldeak 7.000 euroko ekintzailetzako prestakuntza-programa bat egin ahal izango du.

Cleantech Now! jardunaldian berrikuntza irekiko tailer bat egin zen, enpresek aurkeztutako erronkentzako konponbideen prototipoak egiteko. 250 ikaslek parte hartu zuten topaketan eta sei euskal erakundetako langileekin lan egiteko aukera izan zuten: Tubacex, Koopera, Nabari, Azaro Fundazioa, Ayuda en Acción eta Gasteizko Udala, hain zuzen. Tailerrak helburutzat zuen ikasleei azaltzea zeintzuk diren ekonomia zirkularraren eta teknologia garbien printzipioak,  zubiak eraikiz esparru akademikoaren eta enpresa munduaren artean.

Honako hau Cleantech Now! ekitaldiaren hirugarren edizioa izan da. Gasteizen egin zen UPV/EHUren, Mondragon Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen, Nafarroako Tecnun Unibertsitatearen eta Tknika zentroaren laguntzarekin, eta Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Ausolan ekimenaren babesarekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke