Deustuk Emakume Teknologoen III. Ada Byron sariketarako deialdia egin du

2015ko Abendua 10,

Forotech ekitaldian jakinaraziko dute zeintzuk diren 2016ko Ada Byron sariketako irabazlea eta akzesita.

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritzako Fakultateak Emakume Teknologoen Ada Byron sariketaren edizio berri bat antolatu du. Estatu mailako sariketa horrek ikusgarritasuna ematen dio emakumezko zientzialari eta profesionalek  teknologien aurrerapenean duten zeregin garrantzitsuari. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik egongo da abenduaren 10etik otsailaren 4ra, eta epaimahaiak Forotech Ingeniaritza eta Teknologia Astearen barruan (2016ko martxoaren 9tik 11ra) jakinaraziko du epaia.

Deialdiak bat egin du Ada Lovelace jaio zeneko bigarren mendeurrenarekin. Ada Byron izenarekin ezagunagoa, ingeniaritzaren historiako emakume nabarmenenetako bat izan zen, eta programazio lengoaiaren sortzailetzat jotzen da. Hirugarren edizio honetan ere, sariketak hasierako bi helburuak mantentzen ditu: batetik, emakumezko profesional teknologoen lana nabarmentzea, jakinik gero eta gehiago izan arren, sarritan ez dela ikusarazten beren presentzia; eta, bestetik, nesken belaunaldi berriei erreferente eta eredu profesional berriak eskaintzea.

Aurreko edizioetako sarituen artean daude Montserrat Meya, hizkuntzalaritzako doktorea, eta lengoaia naturalaren prozesamenduan eta adimen artifizialean aditua (2014ko Ada Byron saria); eta Asunción Gómez, informatikako doktorea, eta nazioarteko ikerlari ezagunenetako bat teknologia semantikoen arloan (2015eko irabazlea).

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatu du saria (3.000 eurokoa), FECYTen, Banco Sabadell Fundazioaren, Emakunderen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Innobasque-n laguntzarekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke