DeustoTech-Internetek hiri adimendunetan oinarritutako 3 proiektu garatuko ditu Horizon2020 programaren barruan

2015ko Azaroa 23,

Proiektuek 1,2 milioi euro jasoko dituzte Horizon 2020 programaren barruan.

DeustoTech-Interneteko lantaldeak IKTetan oinarritutako hiru proiektu bultzatuko ditu Horizon2020-Europako ikerketa eta berrikuntza programaren esparruan.  Hiru proiektu horiek helburutzat dute hiri adimentsuagoak lortzea hainbat arlotan, besteak beste, zahartze aktiboan, administrazio publikoekiko harremanean eta energia eraginkortasunean. Europako Horizon2020 programak City4Age, Simpatico eta Green Soul ikerketak onartu ditu.

Lehenengoak, City4Age izenekoak, narriadura kognitibo arina duten pertsona nagusiei laguntzen die hiriarekin dituzten eguneroko harremanetan. Ikerketaren bidez gizarte- eta osasun-zerbitzuen arloko eta beste ingurune batzuetako datuak bilduko dituzte. Helburua da arriskuen detekzio goiztiarra hobetzea portaera aldaketak aztertuz eta esku-hartze eraginkorrak diseinatzea.

Simpatico proiektuak administrazioen onlineko zerbitzuak hobetzen ditu, “IKTen bidez administrazio publikoekiko harremanak sinpletzea hiritar eta enpresentzat ” lelopean. Bere aurkezpenean dioen bezala, zerbitzu horiek sekulako potentziala dute prozesu administratiboak eraginkorrago egiteko, denbora eta dirua aurreztuz enpresa nahiz hiritarrentzat. Hala ere, horietako askok egiten duten gauza bakarra da Internetera eraman offline munduko praktikak, eta administrazioen ikuspegitik soilik diseinatzen dira. “Simpatico” ekimenak ikuspegi berri bat eskaintzen du erabiltzaileen premia espezifikoei erantzuteko, hizkuntza prozesamenduko eta ikaskuntza automatikoko teknologia gorakorrak konbinatzen baititu administrazio publikoen ezagutza eta komunitatearen ekarpenak aprobetxatzeko.

Azkenik, Green Soul ikerketak helburutzat du eraikin publikoetako dispositiboei “arima berdea” ematea, energia gastua murrizteko. Bi ildo lantzen ditu proiektuak: batetik, erabiltzaileen ohitura aldaketa eta kontzientziazioa bilatzen du aplikazio sozialen eta motibazio-mekanismoen bidez. Bestetik, dispositibo adimendunak sortzen ditu –bai erabilpen partekatukoak eta baita ere pertsonalak-, autonomoki erabaki dezaten zein den funtzionatzeko modurik eraginkorrena. Hala, dispositiboak gai izango dira erabilpen ohiturak ikasteko, eta bakarrik aktibatuko dira energia xahutzen ari dela detektatzen dutenean. DeustoTech-Energy ikerketa taldeak ere parte hartuko du proiektu horretan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke