Deialdi berri bat herritarren Hirikilabs laborategian proiektuak garatzeko

2015ko Uztaila 21,

spri_tics_Hirikilabs4convocatoria
Hirikilabs ekimenaren irudia.

Tabakalerak eta DSS2016 ekimenak epea ireki dute Hirikilabs Plaza proiektu irekien laugarren deialdian parte hartzeko. Deialdi hori kultura librearekin, maker mugimenduarekin, jabekuntza teknologikoarekin edo ikaskuntza modu berriekin lotutako ekimenei zuzentzen zaie. Aurkeztutako ideien artetik bi eta lau proiektu bitarte aukeratuko dira herritarren Hirikilabs laborategian kolektiboki garatzeko.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da abuztuaren 16ra arte, eta Tabakaleraren web orriko izen-emate inprimakia bete behar da horretarako. Hirikilabs-eko lantaldeak hasierako aurre-aukeraketa bat egingo du, eta aurrerago, irailean, topaketa ireki bat antolatuko dute proiektuak aurkezteko eta lankidetzak bilatzeko. Horren ondoren aukeratuko dituzte garatuko diren ideiak.

Hirikilabs-en lan-ildoei jarraitzen dieten proposamenak aurkeztuko dira deialdira. Hirikilabs-ek kultura librea, diseinu irekia eta ezagutza partekatua sustatzen ditu. Ekimenak martxan jartzeko kolaboratzaileen taldeko lan saioak egingo dira, eta “egizu zerorrek” eta “egizu beste pertsona batzuekin” filosofiekin lan egingo dute. Prozesu osoan Hirikilabs Plaza eta Hirikikas-ek eskaintzen dituzten espazio baliabideak, tresnak eta ezagutza partekatuak baliatuko dituzte.

Hirikilabs Plaza espazioan proiektuak garatzen dira pertsonak eta kolektiboak elkartuz. Hirikikas, berriz, asteroko ikaskuntza tailer praktikoak eskaintzen dituen egitarau bat da, non hainbat jarduera egiten baitituzte proiektuak garatuz fabrikazio digitalarekin lotutako tresnak eta teknikak erabiltzen ikasteko.

Herritarren Hirikilabs laborategian esparru desberdinetako ekimen ugari sortu dituzte, hala nola “artisautza digitalaren”, hackeo teknologikoaren eta hiritarren jabekuntzaren arloetan. Hona hemen proiektu horietako batzuk: Donosti Tron proiektuak ikusgarritasuna ematen die bertako bideojoko independenteei arkade makina zaharrak erabiliz joko horiek instalatzeko; Sea Chair-ek modu sortzailean birziklatzen ditu itsasoan aurkitutako plastikoak; edo Open Bike-k  do it yourself bizikletak fabrikatzen ditu fabrikazio digitaleko tresnak erabiliz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke