DBEAk saria eman dio UPV/EHUn sortutako sentsoreentzako segurtasun-protokolo berritzaile bati

2016ko Otsaila 04,

Jasone Arteaga eta Iñaki Pariente de Prada, Datuen Babeserako Euskal Agentziako zuzendaria.

Jasone Astorga telekomunikazio-ingeniariak Ladón protokoloa garatu du bere doktoretza tesirako, eta Datuen Babeserako Euskal Agentziak Datuen Babeserako Ikerketa saria eman dio, sentsoreen arteko informazio transmisioan segurtasuna hobetzeko egin duen ekarpenagatik.

Astorgak UPV/EHUko I2T ikerketa taldearen barruan garatu du protokolo hori. Mekanismo bat da, sentsore batek jasotako datuak babesten dituena, datuetara sartu baino lehen erabiltzailea egiaztatzen eta baimentzen duen segurtasun kontrol baten bidez.  Jasone Astorgak  azaldu duenez, “protokoloaren helburua da segurtasun mekanismoak ematea sentsoreek informazio-zerbitzari lana egiten duten inguruneetarako”, “Gauzen Interneten, adibidez, gero eta sarriago erabiltzen dira sentsore-sareak informazioa masiboki jasotzeko; protokolo honekin, sentsoreek zerbitzari baten pareko segurtasun maila inplementatuko lukete”.

Sentsoreak informazio-zerbitzari gisa erabiltzearen kontu hau berria da. Ikerlariak berak azaldu duenez, oraindik ez dago segurtasun-protokolo frogaturik, eta Ladón da lehen proposamena. Sentsoreak ingurura hedatzen diren neurri berean ari dira sortzen aplikazioak, hasi automozioaren sektoretik eta eraikin edo hiri adimendunetaraino. “Hainbat esparrutarako proposatu dugu, esaterako, etxe adimendunerako. Lanetik konekta zaitezke, adibidez, leihoren bat zabalik utzi ote duzun ikusteko, eta hala bada ixteko, baina garrantzitsua da aukera hori zuk bakarrik izatea, hau da, beste inork ez izatea sentsore horretara konektatzeko biderik” azaldu du Jasone Astorgak.

Ladón segurtasun-protokoloak ibilbide luzea izan dezake aplikazio medikoen esparruan. Iaz, Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T taldeak taupada-markagailuetan erabiltzea proposatu zuen, non ezin baitira erabili segurtasun-protokolo tradizionalak,  energia gastu handia dutelako. Ladón sistemaren elementu garrantzitsuenetako bat bere energia eraginkortasuna da; “haririk gabeko sentsoreek bateriarekin funtzionatzen dute. Ez da oso atsegina etengabe aldatu behar izatea, eta hori are garrantzitsuagoa da taupada-markagailuen kasuan, halakoetan pertsona operatu egin behar izaten delako” adierazi du ikerlariak.

Une honetan proiektua prototipo fasean dago, eta taldea laborategiko frogak egiten ari da, alegia jauzi anitzeko sareak eraikitzen, informazio transmisioaren eraginkortasuna egiaztatzeko. Hurrengo urratsa finantzaketa bilatzea izango da, protokoloa ingurune errealetan aplikatu ahal izateko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke