Consumer Barometer 2015-ek 56 herrialdetako kontsumo ohiturak erakusten ditu

2015ko Ekaina 19,

spri_tics_ConsumerBarometer2015
Consumer Barometer 2015 Spain

Google-k Consumer Barometer 2015  merkaturatu du; dohaineko tresna bat da, zeinari esker aukera izango baitugu mundu osoko erabiltzaileen erosketa ohiturak, Interneteko erabilpena eta eduki kontsumoak ezagutzeko datuak alderatuz, besteak beste, dispositiboka, adin taldeka edo produktu motaka. 56 herrialdetako datuak biltzen dituen tresna honen helburua da enpresa eta ekintzaileei laguntzea hobeto uler dezaten nola eta zertarako erabiltzen duten hiritarrek Internet, etengabe aldatzen den testuinguru global honetan.

Tresna honek Estatuan jaso dituen datuek diote smartphone-en erabilpena orokortua dagoela, produktuak kontsultatzeko eta onlineko erosketak egiteko ere erabiltzen dela, eta erabiltzaileen profila dispositibo anitzekoa dela. Webera konektatzen diren espainiarren %81 sakelakotik konektatzen dira, Espainia delarik munduko herrialde konektatuenetako bat, eta erabiltzaileen %19k bost dispositibo edo gehiago erabiltzen dituzte konektatzeko (Japonian, Alemanian edo Frantzian baino gehiago, non portzentajea %14koa baita).

Kontsumo ohiturei dagokienez, erosketen %57ren kasuan Internet erabili da, batez ere prezioak kontsultatzeko, negozioaren kokapena ikusteko, produktuen eskuragarritasunaren berri izateko edo sustapenak eta eskaintzak baliatzeko. Erosketa erabakiak hartzeko ere Sarea erabiltzen da, eta horrek eragina du tokiko merkataritzan, kontsumitzaileen %38k smartphone-a erabiltzen baitute bidaiekin lotutako produktu eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzeko, eta %43k osasunarekin eta jarduera fisikoarekin lotutako gaiei buruz informatzeko.  Bestalde, Consumer Barometer tresnak erakusten du Estatuko Internet erabiltzaileek nahiago dituztela nazioarteko erosketak, batez ere eskaintza erakargarriak daudenean (%51), baldintza hobeak eskaintzen dituztenean eta eskuragarritasun hobea dutenean (%26 eta %19 hurrenez hurren). Maila globalean, hizkuntza da, eta alde handiz gainera, beste herrialde batzuetan erosteko oztopo garrantzitsuena.

Consumer Barometer tresnak baita ere aipatzen ditu Interneteko ikus-entzunezko edukien kontsumoari buruzko datuak, argi utziz gorantz doan joera dela. Estatuan erabiltzaileen %71k bideoak kontsumitzen ditu gutxienez astean behin eta zifra hori %93raino igotzen da 35 urtetik beherakoen kasuan. Gehienak, %56ak zehazki, smartphone-a erabiltzen du horrelako edukiak kontsumitzeko, ordenagailua edo tabletak baino gehiago.

Tresna berria online eskuratu daiteke eta edonork kontsultatu edo deskargatu ditzake datuak bere premien arabera; gainera, aukera ematen du aldagai desberdinen informazioa alderatzeko, hala nola: lurraldeak, erosketa portaerak, eta erabiltzaile motaren edo Interneten nabigatzeko arrazoien araberako segmentazioa.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke