Code Week 2015: aukera bat, programazio arloko ikaskuntza bultzatzeko

2015ko Iraila 14,

spri_tics_CodeWeek2015
Code Week 2015 urriaren 10etik 18ra egingo da.

Kodea erabiltzen ikastea beharrezko bihurtu da ez bakarrik programatzaileentzat edo IKT arloko adituentzat.  Programazioaren lengoaiak nola funtzionatzen duen jakitea baliagarri izan daiteke bizitzako beste esparru askotan, nola profesionaletan, hala pertsonaletan. Esaterako, erabilgarri izan dakiguke bideojoko bat edo aplikazio bat sortzeko programa sinpleak erabiliz, edo tresna digitalen funtzionamendua ulertzeko, gero eta ugariagoak baitira mundu honetan. Programazioari buruzko ezagutzak garrantzitsuak dira etorkizun profesionala ziurtatzeko, Europako Batzordearen arabera, urtean 100.000 lanpostu berri sortzen baitira IKTekin lotutako enpleguetarako, eta kalkuluen arabera, 2020rako 900.000 profesional beharko dira sektorean.

Urriaren 10etik 18ra, EBk Europa mailako Code Week 2015 ekitaldia antolatuko du, programazioari buruzko ikaskuntza sustatzeko. Asmoa da adin guztietako hiritarrak kodearen munduan sarraraztea ikuspegi ludiko eta sortzailetik. Hainbat topaketa, tailer eta jarduera antolatuko dira Europa osoan, programatzen ikasteko.

Jarduera zabalik dago Code Week deialdiaren barruan ekitaldi bat antolatu nahi duten ikastetxe, enpresa, edo hiritar talde eta komunitateentzat. Proiektuaren atarian antolatzaileentzako gida bat dago, eta baita ere astean zehar erabiltzeko baliabide hezitzaileak. Zentzu horretan, eduki zerrenda luze bat dago, zeina baliagarria izan baitaiteke urteko edozein unetan, ikasgeletan nahiz ikasgeletatik kanpo jarduerak egiteko. Baliabideen artean daude, besteak beste, hauek: Scratch-en programatzen ikasteko lezioak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat diseinatuak; Code School, CodeAcademy edo Code.org ekimenek sortutako tutorialak; eta AppInventor erabiliz aplikazio mugikorrak eta bideojokoak sortzeko baliabideak.

Code Week  Young Advisors taldeak Europako Batzordearen barruan bultzatutako ekimen bat da. Europako hainbat herrialdetako gazteek -denak ere IKTen mundutik datozenak- osatzen dute talde hori eta Europako Agenda Digitala prestatzen laguntzeko aholkularitza-batzorde bezala funtzionatzen du. Iaz, kodearen astean 1.500 ekitaldi baino gehiago antolatu ziren, eta 150.000 lagun inguruk parte hartu zuten kodean oinarritutako app mugikorrak, jokoak eta proiektuak sortzeko prozesuan.

Coding is fun: Code Week 2014



 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke