Cocouse, tokiko merkataritza sustatzeko marketplace espazioa

2015ko Uztaila 27,

spri_tics_Cocouse
Cocouse.

Cocouse plataformak onlineko merkataritza-gune bat eta marketin zerbitzu bat konbinatzen ditu, establezimendu txikiei esparru digitalerako bidea irekitzeko. Ekimenaren helburua da kontsumo arduratsuagoa sustatzea eta tokian tokiko merkataritza babestea, fundatzaileek (bi ekintzaile euskaldun) lotura dutelako txikizkako merkataritzarekin, eta badakitelako zein garrantzitsua den txikizkako merkataritza inguruan aberastasuna sortzeko eta baita ere nolako zailtasunak dituen mundu digitalean sartzeko. “Lehiakorrago egin nahi ditugu txikizkako saltokiak online ingurunean, askotan ez baitaukate horretarako behar diren baliabide eta ezagutzak” dio Jon García Prietok, Cocouse plataformaren fundatzaileetako batek. Lantaldeak enpresa handiek erabili ohi dituzten marketin eta komunikazio estrategiak aplikatzen ditu, tokiko merkataritzaren premietara egokituta.
Gainera, proiektuak Ongia Komunaren Ekonomiako printzipioak hartzen ditu oinarritzat, hau da, hazkunde ekonomikoa bultzatzea, baina aldi berean gizarterako eta ingurumenerako onurak sortzea. Horregatik, establezimenduek ez dute kuotarik ordaindu behar Cocouse plataforman espazio bat izateagatik, eta salmenta bakoitzagatiko %7ko komisioa baino ez da kobratzen. Trukean, saltoki bakoitzak plataformari lagundu behar dio lokalean Cocouse ekimenari buruzko publizitatea banatuz. Sistema eraginkorra da, lehen hilabetean 8.000 bisita inguru izan baitzituzten plataforman, onlineko marketinean inolako inbertsiorik egin gabe.
Espazioa pasa den urteko abenduan hasi zen martxan eta gaur egun tokiko 90 establezimendu biltzen ditu, ia denak Bilbo Handikoak. “Denbora honetan bidalketak egin ditugu Kanariar Irletara, Cadizera, Asturiasera… guk geuk eta saltokiek ere ikusi dute badagoela ustiatzeko moduko potentziala” azaldu du Jon Garcíak. Lehen hilabeteetan merkatua probatu dute eta, emaitza onek bultzatuta, irailean plataforma indartsuago bat jarriko dute martxan Estatuko beste hiri batzuetako establezimenduak ere atxiki daitezen, betiere tokiko merkataritza babesteko asmoari eutsiz.
Datozen hilabeteetarako, gizarte arloarekin lotutako bi proiektu dituzte eskuartean. Batetik, Lantegi Batuak-ekin batera outlet espazio bat ireki nahi dute, marka handiek hirien kanpoaldean kokatutako lokaletan produktuak saltzeko erabiltzen duten estrategia imitatuz. Era berean, Down Sindromearen Fundazioarekin batera produktu freskoak salduko dituen onlineko auzoko super-merkatu bat sortu nahi dute, eta produktuak gero ezgaitasunak dituzten pertsonek banatuko lituzkete.
“Hezkuntza arloko lana ere egiten dugu” dio Jon Garcíak, “Internetetik egin daitezke erosketak segurtasun irizpide guztiak betez eta saltoki txikiei lagunduz, eta kontuan izanik horrek enplegua eta aberastasuna sortzen dituela inguruan, eta bizia ematen diela gure kaleei”.

Cocouse



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke