“Club del Talento Bilbao” ekimenak lehiakortasuna bultzatzen du, profesionalei IKT zerbitzuei buruzko prestakuntza eskainiz

2015ko Uztaila 03,

spri_tics_ClubTalentoBilbao
Club del Talento Bilbao logoa.

Club del Talento Bilbao ekimena Bilboko Udalak eta APMG International antolakundeak elkarrekin bultzatutako prestakuntza programa espezifiko bat da, zeinaren helburua baita enpresen eta profesionalen lehiakortasuna sustatzea Euskadin. Programa hori uztailaren 1ean aurkeztu zen ofizialki, ekainaren hasieran abiarazi zen eta irailaren 30ean amaituko da.

Beren negozio eredua berrorientatu nahi duten enpresei zuzendurik dago, eta  enpresako langileei prestakuntza ematen zaie horretarako. 23 lagunek (20 EAEko enpresa teknologikoetako langileak eta 3 langabetu) parte hartuko dute programan, zeintzuek 125 orduko prestakuntza jasoko duten. Prestakuntza hori batez ere IKT zerbitzuei buruzkoa da eta APMG International erakundeak zertifikaturik dago. Programara biltzen dira baita ere proiektuak kudeatzeko eta prozesuak optimizatzeko tresna teknologikoei buruzko ikastaroak (Agile Project Management, Lean IT eta COBIT 5).

Bestelako gaiei buruzko prestakuntza ere jasoko dute, esaterako Big Data, datu irekietan oinarritutako zerbitzuak, mugikortasun konponbideen garapena, IKT zerbitzuak kudeatzeko metodologiak eta bezeroarenganako orientazioa merkatu teknologikoan. Ikasketa teknikoen osagarri gisa, 23 parte-hartzaileek enpresa inguruneko trebetasunak barneratuko dituzte (hala nola lidergoa, berrikuntza eta motibazioa), Think Heads Digital erakundeak lagatako mikro-konferentzien bidez.

Club Talento Bilbao programak esparru publiko, pribatu eta akademikoko 25 antolakunderen laguntza du, eta horietako batzuk dira UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, IE Business School, Indra, Netmind, Aditium, Irontec eta Bilbomática. Bilbao Ekintzak egin zuen parte-hartzaileen hautaketa, ESLE, GAIA eta Novia Salcedo Fundazioarekin batera.

Club Talento ekimenaren bigarren edizioa da hau, zeina Madrilen jarri baitzen martxan lehenbizikoz 2014an. Iazko programa emakume langabetuei zuzendu zitzaien IKTekin lotutako sektoreetan duten enplegagarritasuna hobetzeko xedez, eta parte-hartzaileen erdiak baino gehiagok lana aurkitu zuten prestakuntza prozesua amaitzean.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke