ES | EU


2015ko Abendua 18


Abenduaren 17an, Donostiako Miramar Jauregian, jakinarazi zituzten zeintzuk diren Buber 2015 sarien irabazleak. Sariketa horrek urtero aukeratzen ditu Euskadiko web, blog eta proiektu teknologiko onenak. Aurtengo edizioan bederatzi kategoriatan banatu dituzte sariak, helburu nagusitzat izanik enpresek, pertsonek eta antolakundeek informazio gizarteranzko bidean egiten duten ahalegina ikusaraztea.

Domeinuak proiektuak, PuntuEus Fundazioaren webak, irabazi du euskarazko proiektuaren kategoria. Software Librearen saria Bizkaiko Irontec enpresarentzat izan da, eta Berrikuntzarena 12nubes proiektu pedagogikoarentzat, zeinetan Arabako bigarren hezkuntzako ikasleek parte hartzen baitute.

Nekazaritzaren kategorian, hots, Lehen Sektore, Makina Erreminta eta Industriarenean, Mondragon Korporazioko Ulma izan da garaile; Enekosukaldari webak irabazi du Gastronomia eta Turismo kategoriako saria, eta Donostiako Hunkydorylab lurrin-dendaren atariak eskuratu du Merkataritza kategoriakoa.

Buber Sarietako epaimahaiak Donostiako CoArtDonostia coworking espazioa saritu du Hiritarren Parte-hartze kategorian. Womansarea emakumezkoen ekintzailetzako ekimenak Proiektu Sozialaren saria irabazi du, eta Orkestrak, Deustuko Unibertsitateak bultzatutako Euskadiko Lehiakortasunaren Institutuak, Nazioartekotze eta Enpresa saria jaso du bere webari esker.

Sari-banaketan ohorezko garaikur bat eman zioten Ray Fernández aholkulariari, zeinak hitzaldi bat eskaini baitzuen informazioak Interneten daukan balioari buruz, “¿Cuánto cuesta una galleta en la era del Big Data?” izenburupean. Internet & Euskadi Elkarteak antolatzen ditu Buber sariak.