Blogak.eus atariaren bidez euskarazko 3.000tik gora blog sortu dira

2016ko Martxoa 08,

Blogak atarian euskarazko ia 50.000 artikulu argitaratu dira.

Blogak plataforma 2005ean sortu zen, euskal blogari komunitatearentzat errazagoa izan zedin onlineko euskarazko espazio propioak irekitzea, eta dohainik gainera. Hamar urte geroago, tresna horri esker 3.000tik gora blog pertsonal sortu dira, non 50.000 artikulu baino gehiago argitaratu baitira askotariko gaiei buruz.

Teknologia irekietan oinarritutako IKT konponbideetan espezializatuta dagoen CodeSyntax enpresa gipuzkoarrak sortu zuen plataforma. Blogak-en hamargarren urteurrenaren harira, lantaldeak erabaki du plataforma berritzea, erabiltzaileen premia berrien arabera eguneratzeko.

Atariak .eus domeinua hartu du eta diseinu intuitiboagoa eta erabilerrazagoa eskaintzen du, pertsona gehiago animatu daitezen euskarazko eduki propioak sortzera eta online partekatzera. Bestalde, plataforma egokitu egin da dispositibo mugikorretan ere erabili ahal izateko, eta software librean garatutako azpiegitura teknologikoari esker (enpresak berak garatua), funtzionaltasun berriak erantsi ahal izango zaizkio. Gainera, etorkizunean beste hizkuntza batzuetako bertsioak sortu ahal izango dira.

Blogak CodeSyntax enpresaren proiektu bat da, duela hamar urte plazaratu zena, euskarazko blogak bultzatzeko. Une hartan internautak eduki pertsonal asko sortzen hasi ziren, baina ez zegoen doako tresna automatikorik euskarazko blogak sortzeko. Hasieran, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan zuen, eta azken urteotan zabaldu egin da, helburu berarekin. Blogak atariak 700dik gora erabiltzaile ditu egunero, eta milioi batetik gora orrialde bisitatu urtean; horrez gain, milaka sarrera ditu eta sare sozialetan partekatutako milaka ohar jasotzen ditu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke