ES | EU


2016ko Otsaila 18


MassChallenge-Biscay lehiaketak aukeratu ditu martxoan Bostonera, azelerazio-ikastaro trinkoa, egitera joango diren 10 startup finalistak. Aukeratutako guztiak enpresa sortu berriak dira, oinarri teknologikodunak eta inpaktu handia sortzeko potentziala dutenak.

Lehiaketa hori Bizkaiko Foru Aldundiak eta MassChallenge nazioarteko azeleragailuak sinatutako lankidetza-hitzarmen baten emaitza da, eta bere helburua da ekintzaileak eta tokiko startup-ak konektatzea azeleragailuaren berrikuntza-sarearekin. Bizkaiko 55 enpresak parte hartu dute guztira. Horietatik 20 izan ziren lehiaketaren bigarren fasera pasatzeko hautatuak eta, BEAZen egindako aurkezpenaren ondoren, epaimahaiak 10 startup finalistak jakinarazi ditu.

Astebeteko azelerazio tailerraren ostean, enpresa horietatik hiruk nazioarteko finalerdian parte hartuko dute, non 300 enpresa lehiatuko baitira guztira. Azkenik, 128 hautatuko dituzte 4 hilabeteko azelerazio programa bat egiteko. Hona hemen, MassChallenge Biscay lehiaketan aukeratutako hamar startup-ak:

Ariadna Instruments: Kementsu ingeniaritza elektronikoaren spinoff-a eta iCPS teknologian oinarritutako aplikazioen garapenean espezializatua; aplikazio horiek aukera ematen dute banaketa elektrikoko kableak identifikatzeko.

Coinmillions: Joel Santirso konputazioko ingeniari eta ekintzailearen proiektua da eta DeustoKabi haztegian kokatuta dago. Onlineko apustu plataforma bat da, eta kripto-txanponak bakarrik erabiltzen ditu.

Innoprot: UPV/EHUren spinoff-a, Zitek enpresa haztegian kokatua. Enpresa horrek in vitro sistema zelularrak egiten ditu farmakoen entseguetarako.

Kuaderno: ingelesa ikasteko irakurketak eskaintzen dituen onlineko liburutegia, adin eta ikasteko erritmo desberdinetara egokitua dagoena. Plataforma hori eskolei eta familiei zuzenduta dago, audio edukiak ere eskaintzen ditu, eta ikasteko prozesuak hobetzeko ariketak ere bai.

Quarizmi Adtech: Onlineko marketin kanpainak hobetzeko software bat garatu du, lengoaia naturala prozesatzeko teknologiak eta adimen artifiziala erabiliz.

Sealpath Technologies: UPV/EHUren Zitek haztegian kokatutako startup-a. Enpresa honek lainoko konponbide bat sortu du dokumentuak babesteko eta modu seguruan partekatzeko.

Soc-e Solutions: UPV/EHUn sortutako spinoff-a, konputazio altua behar duten aplikazioen garapenean espezializatua. Aplikazio horiek ingurune kritikoetarako izaten dira, hala nola, energia, sare industrialak edo garraio sareak, sektore aeroespaziala edota defentsa.

Wegow: Kbi Digital haztegian kokatutako startup-a. Aplikazio mugikor bat garatu du kontzertu eta musika jaialdi berdinetara joan nahi duen jendea bilatzeko.

Wimi5: HTML5 lengoaia erabiliz bideojokoak garatu, argitaratu eta monetizatzeko plataforma. Espazio hau ez da bakarrik  programazioaren arloko profesionalentzat eta sortzaileentzat, baizik eta baita ere amateurrentzat.

Zuma: startup honek ingeniaritza mekatronikoko konponbide berritzaileak garatzen ditu bizikletaren sektorerako, eta sistema mekanikoak, elektronikoak eta softwarea integratzen ditu.