Bilbon egingo da Hiri Jasangarrien 8. Europako Konferentzia

2016ko Urtarrila 28,

European Conference on Sustainable Cities and Towns konferentzia Bilbon egingo da apirilaren 27tik 29ra.

Apirilaren 27tik 29ra egingo da European Conference on Sustainable Cities and Towns topaketa Euskalduna Jauregian, “Ekintza Eraldatzailea: Europarako potentziala” lelopean. Kongresuaren helburua da proiektu- eta estrategia-politiko berritzaileak partekatzea, hiri jasangarriagoetarantz abiatzeko ikuspegi sozialetik, ekonomikotik eta ingurumenaren ikuspegitik.

Konferentzian tokiko, eskualdeko, Estatuetako eta Europako gobernuetako arduradun publikoak elkartuko dira, eta baita ere ikerketa zentroetako, enpresetako nahiz gizarte zibileko eragileak, helburutzat harturik aurrera egitea Europaren etorkizun jasangarriago baterantz. Era berean, asmoa da erronka horrek berekin dakartzan hazkunde aukerak aprobetxatzea.

Dagoeneko zabalik dago ekarpenak egiteko epea: proiektuak, tresna berritzaileak, jardunbide egokiak… Denak egongo dira ikusgai kongresuan, “Innovation Market” atalean. Gobernuei ez ezik, zientzia- eta ikerketa-zentroei, enpresa teknologikoei eta gobernuz kanpoko antolakundeei ere zuzentzen zaie deialdia. Ekarpenak gai anitzei buruzkoak izan daitezke: hiriko garapen iraunkorra, hiri adimendunerako teknologiak, hiritarren parte-hartzea edota berrikuntza soziala, esaterako. Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da otsailaren 28ra arte.

ICLEI – Local Governments for Sustainability-k, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatuko dute European Conference on Sustainable Cities and Towns ekitaldia, beste erakunde batzuen laguntzarekin, besteak beste, Udalsarea 21, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Donostiako eta Gasteizko Udalak.

Aurkezpen, hitzaldi eta eztabaidaz osatutako egitarauaren ardatza Europar Batasunaren Garapen Jasangarrirako Helburuak izango dira. Baita ere analizatuko dituzte abenduan Parisen egin zen COP21 Berrikuntza Jasangarrirako Foroaren emaitzak. Hala, aztergai izango dute nola posible den horrelako estrategiak toki eta eskualde mailako ekintza zehatz bihurtzea, sektore publikoaren, pribatuaren eta gizarte zibilaren arteko lankidetzaren bidez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke