Big Data, esploratu gabeko aukera sektore sortzaileetan

2015ko Uztaila 07,

spri_tics_BigDataSectorCreativo
Making data work for you, Nesta.

Mota guztietako datuak sortzen eta metatzen dira etengabe, eta datu horiek pertsonen ohitura digitalen, hirian barrena dauden sentsoreen, sare sozialen, eta abarren bitartez sortzen dira. Informazio iturri emankorra dira eta enpresek dagoeneko ikasi dute datu horiek erabiltzen zerbitzuak hobetzeko edo produktu berriak bilatzeko. Baina kultura eta sorkuntza sektoreetan, batez ere baliabide gutxi dituzten erakunde txikien kasuan, oraindik ez da asko esploratu lurralde hori.

Digital R&D Fund for the Arts eta Nesta erakunde britainiarrek Does your data work for you? ikerketa daukate martxan, zeinaren helburua baita erakunde horiei –museoak, kultur zentroak, proiektu eta ekintzaile txikiak- laguntzea probetxua atera diezaieten beren datuei.

Kultura sektoreetan datuak baliagarriak izan daitezke negozio eredu berriak esploratzeko, produktu berriak sortzeko edo arazoak konpontzeko, aukera ematen baitute erabiltzaileak hobeto ezagutzeko. Datuak askotarikoak izan daitezke: web batek jasotako bisita kopurua, txartel salmenta, erabiltzaileen aipamenak edo jendeak sare sozialetan partekatzen dituen testu, bideo nahiz audio edukiak. Datu kopuru ikaragarri handia eta gaitasun teknologiko eza dira oztopo nagusiak, baina John Knell aholkulariak azterlanean dioen moduan, hasierako ikuspegia okerrekoa izaten da askotan, kontua ez baita datuak bilatzea, aztertzea eta haiekin zer egin daitekeen pentsatzea; alderantziz, eskuratu nahi dugun jakintza hori hartu behar da abiapuntutzat.

Digital R&D Fund for the Arts eta Nesta erakundeek eginiko txostenak hainbat baliabide aipatzen ditu, hala nola Culture Counts, denbora errealean kultur esparruko datuak biltzen dituen plataforma (gero sektoreari buruzko analisi ulergarriak eskaintzeko) edo The Datavore ikerketa, zeinak aztertzen baitu nola erabiltzen dituzten datuak Britainia Handiko konpainiek bai erabakiak hartzeko eta bai produktu nahiz zerbitzuetan berritzeko. Paul Moore, School of Creative Arts & Technology erakundeko irakaslearen esanetan, baztertu egin behar dugu datuak sormenaren antonimo direla sinetsarazi digun mitoa: “datuek patroi batzuk ematen dizkizute norantz jo behar duzun jakiteko, eta horixe da beren benetako indarra”.

Datuak baliabide gisa ere erabil daitezke adierazpide berriak garatzeko, eta esparru horretan gainera artearekin eta sormenarekin lotutako proiektu ugari daude. Esaterako, hor dugu Bristoleko Knowle West Media Center erakundeak sortutako Data Toolkit ekimena. Gazteek web orri horretan bildu dituzte datu irekiekin esperimentatzeko sortutako proiektuak, aplikazio mugikorrak edo ingurunearen mapa interaktiboak egiteko. Hor dugu baita ere Culture Hack, datu kulturaletan oinarritutako prototipo sortzaileen plataforma, bertara biltzen direlarik, besteak beste, Shakespeare-n obrei buruzko jokalari anitzeko bideojoko bat, informazio arkeologiko geo-kokatua eskaintzen duen aplikazio bat, edota, open hardwarean oinarritutako praka dantzariak, alegia, dantzan egiten dutenak espazio digitaletan kultur jarduera handitzen denean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke