Baboon!, PlayStation kontsolarentzako lehen euskal jokoa, Japonian merkaturatuko da 2015ean

2015ko Ekaina 09,

spri_tics_BaboonJapon
Bilboko Relevo Videogames estudioaren Baboon! bideojokoa.

Relevo Videogames euskal estudio independenteak eginiko bideojoko hau joan den urtarrilean kaleratu zen PSVita kontsolarentzat, baina aurten Asiako merkatuan sartuko da eta Japonia, Txina edo Taiwaneko jokalariengana iritsiko da. Circle Entertainment banatzailearekin lortutako akordio bati esker merkaturatuko dute jokoa Asian.

“Zalantzarik gabe, Japonia da guretzat merkatu interesgarriena, ez bakarrik Japoniak suposatzen duenagatik, baita ere han PSVita kontsolak Europan baino merkatu handiagoa duelako” azaldu du  Relevo Videogames estudioko fundatzaile Jon Cortázarrek, “oso ohikoa da Japoniako bideojokoak Europara eta Estatu Batuetara iristea eta horrek are gehiago hazteko balio die; hesi kulturalak handiak dira, baina, halere, kasu honetan ikusi dute jokoa egokitzeko modukoa dela”.

Esan bezala, Baboon! Asian merkaturako da eta beren erronka da Txinan sartzea, orain arte itxita egon baita horrelako produktuentzat. “Duela urte eta erdi inguru ireki da bideo-kontsolen merkatua eta inkognita handi bat da, baina aldi berean oso interesgarria da han egotea oraindik oso produktu gutxi daudenean” dio Jon Cortázarrek.

Lantaldea buru-belarri ari da lanean Baboon! Japoniako merkatuan sartzeko eta Flyhigh Works, Circle Entertainment enpresaren publisher bazkidearen laguntza dauka horretarako. Prozesu horretan, jokoa itzuli ez eze, izenak, logotipoak eta jokoaren beste elementu batzuk egokitu beharko dituzte erakargarriagoa izan dadin jokalari japoniarrentzat. Oraindik ez da finkatu merkaturatze data zehatzik, baina 2016ko urtarrila baino lehen sartu nahi dute Asiako merkatuan.

Baboon! PSVita kontsolarentzako bideojoko bat da, manga estetika du eta baita ere genero nahasketa original bat, non plataforma, estrategia eta puzzle jokoen elementuak konbinatzen baitira. Tumbili tximu txikia da protagonista, zeinak bonbak erabiltzen baititu salto egiteko eta jokoan aurrera egiteko 8 mundu tematikotan banatutako 60 mailatan barrena. Bere ibilbidean zehar bigarren mailako 50 pertsonaia baino gehiagorekin elkarreragiten du. Europan urte honen hasieran merkaturatu zen bideojokoa eta PlayStation-en garapen-lizentzia ofiziala duen lehen euskal bideojokoa da. Merkaturatu zenetik, Baboon! jokoak kritika onak jaso ditu erabiltzaileen nahiz hedabide espezializatuen artean, eta Metacritic plataformak 100etik 73ko puntuazioa eman dio.

Baboon! jokoaren trailerra



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke