Assistant, pertsona nagusiei hirian barrena ibiltzen laguntzen dien zerbitzu berritzailea

2015ko Azaroa 03,

Assistant Europako Batzordeak ko-finantzatutako weberako eta sakelakorako aplikazio bat da

Assistant sistema Europako proiektu baten barruan sortu da. Bere helburua da pertsona nagusiei edo ezintasunen bat dutenei  garraio publikoak erabiltzen laguntzea, ibilbide osoan gidatuko dituen sakelako aplikazio baten bidez. Hiru urteko lanaren ondoren, jada prest dago azken prototipoa bere funtzionaltasun guztiekin, eta 2017an merkaturatuko dute zerbitzua.

Assistant weberako nahiz sakelakorako aplikazio bat da, eta hiriko puntu batetik bestera garraio publikoz joateko behar den informazio guztia integratzen du. Dena den, beste aplikazio batzuek ez bezala, Assistant hasieratik diseinatuta dago batez ere pertsona nagusientzat eta ikusteko edo mugitzeko ezintasunak dituzten erabiltzaileentzat. Aplikazioak ibilbide osoan laguntzen dio erabiltzaileari, eta askotariko informazioa ematen dio: oinez egin behar duen bidea, zein garraiobide erabili behar duen eta zein geltokitan jaitsi behar duen. Gainera, abisuak igortzen dizkio erabiltzaileari okerreko bidea hartzen badu, eta bide alternatibo bat eskaintzen dio berehala.

“Imajinatu ez zarela dagokizun autobus geltokian jaisten. Tecnaliaren barruan proiektuaren koordinatzaile den Stefan Carmien-ek azaldu duenez, sistema laguntzaileak eta smartphone-ak denbora errealeko informazioa erabiltzen dute (esaterako non dagoen autobusa, non zauden zu eta nondik nora ibili beharko zinatekeen jomugara iristeko”), “informazio horri esker erabakitzen da ez zaudela zure jomugan eta argibide berriak emango zaizkizu hara iristeko”. Aplikazioaren funtzionaltasunak pertsonalizatu egin daitezke erabiltzaile bakoitzaren gaitasunen arabera (ikusmen arazoak baditu, gurpildun aulkian badago edo mugitzeko zailtasunak baditu), eta hala, ikusizko eta entzumenezko abisu mota desberdinak eskaintzen ditu.

Tecnaliak koordinatu duen proiektu honek Finlandia, Frantzia, Austria eta Erresuma Batuko beste sei bazkide ditu, eta gainera, Europako Batzordearen ko-finantzaketa jaso du Ambient Assisted Living programaren bitartez. Aurtengo udaberrian proba pilotuak egin zituzten Helsinkin, Vienan eta Donostian. 12 boluntariok aplikazioaren azken prototipoa probatu zuten bi astez.

Sistema honek ez du balio soilik ohiko ibilbideetarako, baizik eta baita ere ibilbide berriak egiteko eta Europako beste hiri batzuetara bidaiatzeko. Lantaldea produktua merkaturatzeko fasean murgilduta dago, eta fase horrek urte eta erdi inguru iraungo omen du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke