ES | EU


2016ko Martxoa 03


AppKideak startup bizkaitarrak WimyKids sortu du haurren segurtasuna hobetzeko espazio publikoetan, haurrak erraz galtzen direlako merkataritza-gune edo jolas-parke handiak bezalako lekuetan. Joan den urtarrilean, enpresak Fitur azokan aurkeztu zuen produktua, eta egun, proba pilotuak egiten ari dira ingurune errealetan.

WimyKids AppKideak enpresako lantaldeak lehenago garatutako beste produktu batean oinarrituta dago, hain zuzen, Wimy izenekoan. Giltzatako baten antza duen dispositibo txiki bat da, zeina sakelako telefonoarekin komunikatzen baita Bluetooth seinaleen bidez. Wimy sar daiteke diru-zorroan, eramangarriaren zorroan edo maletan, giltzen ondoan, edo galdu nahi ez dugun edozein objektu baliotsutan.

Lokalizatzaile baten modura funtzionatzen du eta, urruntzen bada, abisuak igortzen ditu zein norabidetan mugitzen den adieraziz. Gainera, aukera ematen du objektuaren azken kokalekua mapa batean erregistratzeko; aukera hori oso baliagarria da, esaterako, autoa aparkaleku handi batean aparkatu eta non dagoen oroitzen ez dugunerako. AppKideak enpresak Amazon dendan jarri zuen salgai sistema hori, pasa den urtarrilean.

WimyKids, berriz, dispositibo horren eboluzioa da, eta bereziki diseinatuta dago haurrak ez daitezen galdu toki publikoetan. “WimyKids sistemak haurren segurtasuna hobetzen du espazio kritikoetan: opor guneetan, merkataritza-guneetan, parke tematikoetan…” azaldu du Alex Sánchezek, Carlos Brearekin batera AppKideak enpresako fundatzailea denak. “Hala, gurasoek uneoro jakin dezakete non dauden beren seme-alabak”.

Orain, enpresako lantaldea proba pilotuak egiten ari da ingurune errealetan eta bezeroekin harremanetan jartzen, eta udan lehen inplementazioak egiten hastea espero dute. Sistemak badu horrelako espazioak sustatzen dituzten enpresei zuzendutako beste funtzionaltasun bat ere. “WimyKids sistemari esker posible da jakitea non dauden erabiltzaileak, eta kokapen horren araberako jakinarazpenak bidal daitezke zerbitzua optimizatzeko: sustapenak, eskaintzak edo hastear dauden jardueren abisuak”, azaldu du Alex Sánchezek.

AppKideak startup-a enpresa berrientzako DeustoKabi haztegian kokatuta dago (Deustuko Unibertsitatean) eta, Wimy garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen, BEAZ zentroaren bitartez.

 

Haurren segurtasuna