Antolakundeek 2016rako kontuan hartu behar lituzketen 10 joera teknologiko estrategikoak

2015ko Urria 19,

spri_tics_GartnerTopTen2016
Gartner aholkularitzak ITxpo 2015 sinposiumean iragarri zituen 10 joera teknologiko horiek

Gartner aholkularitzak top ten zerrenda batean bildu ditu datozen urteetan ekonomia digitalaren esparruan eragin handiena izango duten teknologiak. Joera horiek estuki lotuta daude datuak biltzen dituzten dispositibo eta sentsoreen hazkunde esponentzialarekin. Eszenatoki hurbil horretan ezinbestekoak izango dira informazioa autonomoki aztertzeko gai diren dispositiboak eta makinak elkarrekin  konektatzeko plataforma berriak. Zentzu horretan, Gartner aholkularitzak dio ekonomia digitaletik ekonomia algoritmikorantz jo behar dugula. Aholkularitzak bildu dituen hamar joera teknologiko estrategiko horiek potentzial handia dute berrikuntza disruptiborako, eta antolakundeen epe luzeko planetan sartuko dira berandu gabe.

Zerrendako lehenengoa “Device Mesh” da, hots, esparru pertsonal nahiz profesionalean elkarreragiteko erabiltzen diren aplikazioen hazkundea, eta askotariko dispositiboak barne hartzen ditu: sakelakoa, wearable teknologiak, aparatu elektronikoak edo autoa, besteak beste. Gaur egun, horietako gehienek beren kabuz funtzionatzen dute. Beraz, erronka da elkarren arteko konexioa lortzea. Joera horren eskutik dator baita ere “Ambient User Experience” kontzeptua, dispositiboz dispositiboko etengabeko erabiltzaile esperientzia. Aholkularitzaren esanetan, halako esperientziak diseinatzea elementu bereizgarria izango da software hornitzaileentzat eta enpresa teknologikoentzat.

Elkarri konektatutako gailu-multzo horiek datuak lotzeko estrategiak eta teknologiak beharko dituzte, hau da, ez bakarrik audio edo irudi formatua duten testu-informazioak, baita ere datu sentsorialak eta testuingurutik ateratakoak. Gartner aholkularitzak “Information of everything” deitzen dio joera horri. Informazio kopuru erraldoi horiei zentzua eman ahal izateko, ezinbestekoak izango dira sailkapen eta analisirako tresna aurreratuak. Zentzu horretan, aholkularitzak joera estrategikoen artean aipatu du “Advanced Machine Learning”, ingurunetik beren kabuz ikasteko gai izango diren makinak, zeren datuak hain dira konplexuak, ezen ezinezkoa eta ekonomikoki bidera ezina baita eskuzko analisiekin funtzionatzea.

Adimen artifizialari dagokionez, aholkularitzak “Autonomous Agents and Things” edo agente autonomo eta adimendunen aurrerapena nabarmendu du. Robot eta autoekin lotutako teknologiak interes handia pizten ari diren arren, bada epe laburrean inpaktu handiagoa izango duen bestelako software konponbiderik, esaterako Google Now edo Siri bezalako laguntzaile pertsonalak. Hemendik gutxira, erabiltzaileok ez dugu botoi eta menu beharrik izango dispositiboarekin elkarreragiteko, ahotsa erabiliko baitugu horretarako.

Gartner enpresak detektatu dituen 10 joeren artean sartzen dira baita ere, iragarpenetan oinarritutako segurtasun sistema egokigarriak eta Gauzen Interneteko plataforma desberdinak konektatzea, gaur egun bakoitzak bere aldetik funtzionatzen duelako. Azkenik, aholkularitzak iragarri du 3D inprimaketaren esparruak ere aurrerantz jarraituko duela eta finkatu egingo dela, material berriak sortuko direlarik teknologia hori sektore gehiagotara eramango dutenak: medikuntzara, bio-ingeniaritzara eta elikadurara, esaterako.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke