ES | EU


2016ko Urtarrila 14


Haririk gabeko sareen bidez konektatutako dispositiboak gero eta ugariagoak dira sektore guztietan: smartphone-ak, tabletak, robotak eta enpresari buruzko informazioa transmititzen duten bestelako makinak. Digitalizazioaren aurrerapen geldiezinak ahuluneak sor ditzake, hirugarrenak sare horietan sar litezkeelako eraso egiteko edo informazioa manipulatzeko. Horregatik, funtsezkoa da ziber-segurtasuna, bereziki arlo industrialean.

Arabako enpresak Civildron’16 Kongresuan aurkeztuko ditu dron bidezko ziber-segurtasuneko bere konponbide berriak. Izan ere, dronen teknologiak iraultza eraman du esparru horretara. Airestudio enpresak sistema bat garatu du, zeinetan dronak gai baitira tokiko sareak eta haiei konektatutako dispositiboak geografikoki kokatzeko, haririk gabeko trafikoa atzematen duten sentsoreei eta jasotako datuak aztertzeko tresnei esker.

“Sistema horrek ahuluneak atzematen ditu, informazioa babesteko”, azaldu du Lorenzo Díaz de Apodaca, Airestudio Geoinformation Technologies enpresako zuzendari nagusiak, “esaterako, parke industrial batean hegan egitean, dronak sareari konektatutako dispositibo guztiak atzematen ditu, eta hirugarrenek bertan sartzeko duten gaitasuna ere ebaluatzen du”. Sentsore estatikoak erabili beharrean dronak erabiltzen badira, posible da informazioa geo-kokatzeko sistemak erabiltzea, eta hala, sareak eta dispositiboak kokatzea eta aztertu daitekeen perimetroa handitzea.

“4.0 industria da gure bezero nagusia, non dena baitago konektatua. Horrek kalteberago egiten gaitu, horregatik, funtsezkoa da sarrera puntu horiei buruzko informazioa izatea, geure burua babesteko”, azaldu du Lorenzo Díaz de Apodacak. Civildron Kongresua urtarrilaren 26an eta 27an egingo da, eta konpainia arabarrak beste sistema bat ere aurkeztuko du, zeinak objektuak automatikoki identifikatzen baititu dronak erabiliz. Tresna software berezi batean oinarritzen da eta erabiltzaileak bertan adierazten du zein motatako objektuak detektatu behar dituen, hala nola, pertsonak edo elementu susmagarriak, eta sistemak automatikoki bidaltzen ditu abisuak.