500 gaztek hondakinak kudeatzeko ideia berritzaileak aurkeztuko dituzte “FLL Euskadi” lehiaketan

2015ko Abendua 01,

First Lego League 2015 lehiaketako erronka hondakinen kudeaketa adimenduna da.

Abenduaren 12an First Lego League Euskadi lehiaketaren aurtengo edizioa egingo da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Lehiaketa horren helburua da bokazio teknologiko eta zientifikoa piztea neska-mutilen artean gazte-gazteak direnetik hasita. Euskadin txapelketa horren 7. edizioa izango da, eta EAEko ikastetxeetako 6 eta 16 urte bitarteko 500 ikaslek parte hartuko dute.

Urtero bezala, taldeek robotikako lehiaketan parte hartuko dute eurek diseinatu eta programatutako robot batekin.  Bigarren zatian, proiektu zientifiko bat garatu beharko dute, eta aurtengo edizioan hondakinen kudeaketa izango da landuko duten gaia, Trash Trek izenburuari jarraiki. Neska-mutilak taldeka lanean aritu dira urte osoan; lehenbizi, hondakin sorkuntzarekin lotutako benetako arazo bat detektatu zuten beren ingurunean, eta ondoren, konponbide berritzaile bat garatu zuten.

Prozesuan zehar ikasleek prestakuntza saioak egin dituzte ekimenarekin kolaboratzen duten teknologi zentro eta enpresetan. Esaterako, Gaiker-IK4 zentroan ikasi zuten zer diren hondakin plastikoak eta nola berrerabil daitezkeen; Bridgestone enpresan ikusi zuten enpresak nola berrerabiltzen dituen pneumatiko zaharrak produktu berriak fabrikatzeko; eta Tecnalia zentroan, berriz, ekonomia zirkularraren printzipioak ezagutu zituzten, eta bioteknologiak elikagaien hondakinak lehengai bihurtzeko duen potentziala aztertu zuten. Indumental enpresarekin egindako tailer batean, osagai elektronikoen birziklapena izan zuten aztergai; eta Ausolan enpresan eskoletako sukalde eta jangeletako produkzio prozesuak deskubritu zituzten. Guztira, 14 ordutik gorako prestakuntza praktikoa jaso dute, eta horri esker ikusi dute nolako potentziala duten zientziak eta teknologiak ingurumenaren erronkak konpontzeko.

First Lego League mundu osoko ikasleentzako nazioarteko txapelketa bat da.  Euskadin egin diren zazpi edizioetan 2.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute, eta bederatzi talde nazioarteko faseetaraino iritsi dira, Espainian eta Estatu Batuetan aurkeztu dituztelarik beren proiektuak. FLL Euskadi lankidetza publiko-pribatuko ekimen bat da, Innobasquek sustatzen duena erakunde hauen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Euskaltel Konekta Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskadiko Telekomunikazioko Ingeniarien Elkargoa.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke