ES | EU


2017ko Urtarrila 30


Gema Climent, Nesplora enpresako fundatzailea, finalista da EU Prize for Women Innovators 2017 lehiaketan.

 

Europako Batzordeak antolatutako Emakume Ekintzailearen Sariketako epaimahaiak Gema Climent aukeratu du 2017ko edizioko bederatzi finalisten artean. Sari ezagun horrek ikusgarritasuna ematen die merkatura ideia disruptiboak eraman dituzten emakumezko ekintzaileei. Sari-banaketa ekitaldia martxoaren 8an izango da. BIC-Gipuzkoa zentroan kokatutako Nesplora enpresak IKTak erabiltzen ditu nahaste neurologikoak diagnostikatzeko, eta arestian hautatua izan da Horizontea 2020 programa europarraren barruan. Horrek esan nahi du konpainia donostiarrak 1’4 milioi euroko laguntza jasoko duela VRMind proiektu berritzailea garatzeko.

 

Zer esan nahi du zuretzat 2017ko Emakume Berritzailearen sariketako finalista izateak?

 

Sari honek aitorpena egiten dio beren enpresan berrikuntza-maila handia lortzeko gai diren emakume ekintzaileen lanari. 12 emakume gara guztira (hiru gazteen garaikurra irabazteko lehiatuko dira), eta denak dira izugarrizko emakumeak, inpaktu sozial handiko proiektu oso berritzaileak dituztenak. Horregatik, oso pozik nago sariketan parte hartzeagatik, honaino iriste hutsa sari bat da niretzat.

 

Zure ustez garrantzitsuak dira horrelako sariketak?

 

Jakina, oso garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea. Proiektu bakar bat izateak mugatu egiten zaitu, ez dizu aukerarik ematen hazteko; horregatik behar ditugu proiektu ugari eta desberdinak. Neskatoek beste era bateko emakumeak ikusi behar dituzte, bestela pentsatuko dute zenbait kargu edo lanbide ez direla eurentzat eginak. Oso garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea esparru guztietako emakumeei.

 

Urtarrilean zuen VRMind proiektua hautatua izan zen Horizontea 2020 programan; zertan datza?

 

Lau produktu barne hartzen dituen proiektu bat da. Lehena merkatuan dago dagoeneko. Aula Nespora du izena, eta Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasteak ebaluatzeko test bat da, 6 eta 16 urte bitarteko haurrei zuzendua. 21 herrialdetan saldu dugu, eta 30.000tik gora haur ebaluatu dira test horrekin. VRMind tresnaren helburua da jarrerak tratatzea teknologia gorakorrak erabiliz, zeren errealitate birtualak ikuspegi guztiz disruptiboa eman baitigu ebaluazio psikologikoari buruz. Arkatz eta paperezko diagnostiko-testak ingurune birtualetara eraman ditugu, zientifikoki baliozkotu ostean.

 

VRMind tresnaren bigarren zatiaren bidez ebaluatuko dira funtzio exekutiboak, helduen arreta maila, memoria eta narriadura kognitibo arina. Tresnarik onenak eskainiko ditugu pertsona baten egoera kognitiboa ebaluatzeko 20 minututan, eta munduko edozein tokitako zeinahi kontsultatan. VRMind tresna baliagarria da askotariko gaixotasun neurologikoentzat: Parkinsona, dementzia, depresioa, arreta nahasteak, neuro-garapeneko nahasteak… Merkatua oso handia da, nahaste neurologikoren bat duen 1.000 milioi lagunetik gora baitago mundu osoan.

 

Praktikara eramanda, nola funtzionatzen du?

 

Arreta Defizitaren Nahastearen kasuan (hiperaktibitatearekin ala gabe), testak gela baten barruan kokatzen ditu haurrak, eta zeregin psikologiko bat jartzen zaie hainbat faktore ebaluatzeko: arreta sostengatua, oldarkortasuna, prozesatzeko abiadura, erreakzio-denbora, arretaren gunea… Neurketa horiekin, neurologoak, psikologoak edo psikiatrak txostena interpretatzen du, nahasterik baden ala ez baloratzeko.

 

Zer esan nahi du Nesplora enpresarentzat Horizontea 2020 programarako hautatua izateak?

 

Guk baliatzen ditugun errealitate birtualeko inguruneek zientifikoki baliozkotuta egon behar dute, lehendik existitzen diren tresnak bezain baliozkoak edo baliozkoagoak direla frogatzeko. Ondorioz, milaka proba gainditu behar dituzte, eta oso garestia da hori. Proiektu bakoitza garatzeko bizpahiru urte behar ditugu, eta ETE batentzat oso zaila da horri eustea inolako finantzaketarik gabe. Europako diru-laguntzari esker behar ditugun prototipo eta azterlan guztiak egin ditzakegu mundu osoko kolaboratzaileekin. Datozen 2 urteotan mundu osoko 12.000tik gora lagun ebaluatuko ditugu, garrantzitsua baita neurketak egitean kulturen arteko desberdintasunak kontuan hartzea. Laguntzarik gabe oso zaila izango zen hori dena egitea.

 

Nesplora 2008an sortu zen, SPRI Taldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako Txekintek/Ekintzaile programaren esparruan.