IK4-IKERLANek eraginkortasuna lortu nahi du energia-kontsumoan, elkarri lotutako gailuen bitartez

2014ko Azaroa 03,


IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoa gauzen internetean —hau da, ohiko objektuen internet bidezko interkonexioan— oinarritutako europar proiektu batean lan egiten ari da, enpresek nahiz kontsumitzaileek energia ahalik eta ongien profita dezaten.


Gailuak energia kudeatzeko sareetan txertatzea ahalbidetuko duen esparru teknologiko bat garatzea da Arrowhead ekimenaren asmoa. Horrela, interneteko konexioaren bitartez, gailuek elkarren artean ulertu eta informazioak partekatzeko aukera izango dute, eta horrek erabakirik onenak hartzea erraztuko die.

Proiektu honen bidez sortzen ari den esparru teknologikoa oinarritzat hartuko da hainbat aplikazio abian jartzeko. Esate baterako, etxeko kontagailua enpresa hornitzailearekin lotzea ahalbidetuko du, eta horrela, enpresak, etxe horri dagozkion kontsumo-datuak gogoan hartuta, egokien datorkion tarifa eskaini eta garbigailua erabiltzeko unerik egokiena iradoki ahal izango dio.

Gailuen datuak partekatzeak era askotako zerbitzu berriak eskaintzeko aukera erraztuko du. Adibidez, kontagailu adimenduna garatu ahal izango da, aire egokituaren funtzionamendua era autonomoan arautzeko gauza izango dena. Kontagailuak gogoan hartuko lituzte sareari lotutako beste gailuetatik datozen datuak, errendimendu eta kontsumorik egokienak lortzeko asmoz.

K4ko IKERLAN eta TEKNIKERekin batera, ekimen horretan Europako 15 herrialdetako beste 77 enpresa, unibertsitate eta zentro teknologiko daude inplikatuta, eta horien artean hainbat euskal erakunde daude. Proiektu handi hori 2017an bukatuko da eta 67 milioi euroko aurrekontua dauka, Europar Batasunak (VII. Esparru Programaren bitartez) eta Industria Ministerioak finantzatuta.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke