ICTWays proiektuak tailer bat antolatuko du Zamudion, Arduino eta errobotika ikasgelan sartzeko

2014ko Azaroa 21,

imagen spri tecnología

Tecnaliak eta Europako beste 9 bazkidek bultzatutako ICTWays proiektuak tailer praktiko bat egingo du azaroaren 18an, Arduinok eta errobotikak Zientzia arloko ikasgaietan duten potentziala erakusteko. Ikastaroa dohainik eskainiko zaie irakasle eta irakasle izango direnei, eta ez da behar aurretiazko ezagutzarik.


Errobotika oso baliagarria da tresna hezitzaile bezala ikasleen sormena eta Zientzia eta Teknologia ikasgaiekiko interesa pizteko eta, gainera, programazioari, logikari eta proiektuka lan egiteari buruzko ezagutzak ematen dizkie, guztiak ere funtsezkoak neska-mutilen etorkizunerako. Potentzial hori irakasleengana eta hezkuntzan interesatuta dauden pertsonengana hurbiltzea da ICTWays proiektuak antolatuko duen tailer praktikoaren helburua, non Arduino eta errobotikarako eskaintzen dituen alternatibak landuko baitituzte.

Topaketa azaroaren 18an izango da Tecnaliak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dauzkan instalazioetan. Tailerrean parte hartzeko ez da behar aurretiazko inolako ezagutzarik, eta bi jardueraren bitartez landuko da nola aplikatu Arduino Biologian eta Argazkigintzan. Teknologia horietan oinarritutako bi hezkuntza proiektu inspiratzaile ere azalduko dira: Hirikilabs eta Hirukide Eskolapioak. Lehenengoa, Hirikilabs, Tabakalera eta DSS2016 ekimenek bultzatutako hiritarren laborategi bat da, teknologia sozial eta kolaboratiboetan zentratua dagoena. Aurten E&P Sarearekin hasi dira lankidetzan, Gipuzkoako eskoletan errobotikako kitak partekatzeko. Hirukide Eskolapioak Tolosako ikastetxe bat da, duela 4 urtetik Arduinon oinarritutako ekimenak egiten dituena Teknologia ikasgaiaren barruan. Besteak beste zunda estratosferiko bat eta teknologia irekietan oinarritutako haztegi bat sortu dituzte.

Tailerra hainbat adituk emango dute, hala nola Ibai Lañak, Tecnaliako ikerlariak eta Adimen Artifizialean eta Arduinon adituak, Mertxe J. Badiolak, Batxilergoko irakasleak eta E&P Sarea proiektuaren bultzatzaileak, eta Jabier Luengok, Hirukide Eskolapioak ikastetxeko Teknologiako irakasleak.

ICTWays Europa mailako proiektu bat da, eta bertan parte hartzen dute Tecnaliak eta beste 9 bazkidek, helburutzat harturik Praktika Komunitate bat sortzea IKTak Zientzia arloko ikasgeletan erabiltzeko. Tailerrak ere komunitateak antolatutako jardueren parte dira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke