Hemenbuy ekimenak onlineko merkataritza eramango du Azpeitia eta Azkoitiko establezimenduetara

2015ko Maiatza 06,

spri_tics_hemenbuy
Hemenbuy ataria.

Mota guztietako 40 denda baino gehiagok osatzen dute Hemenbuy! plataforma (moda eta osagarriak, etxetresna elektrikoak, elikadura, e.a.), Azpeitia eta Azkoitiko tokiko establezimenduak biltzen dituen ataria. Ekimen horrek txikizkako merkataritza bultzatzea du helburu eta Interneten potentzialaz baliatzen da horretarako. 10.000 bisita baino gehiago izan ditu martxan jarri zenetik.


Internetek guztiz aldatu ditu erosketa ohiturak. Gero eta pertsona gehiagok erosten dituzte produktuak Sarean, baina egia da salmenta gehienak sektore mugatu batzuetakoak direla: moda, teknologia eta aisialdia. Gainera, salerosketa horiek gehienbat merkataritza elektronikoko marka eta plataforma handietan egiten dira. Azpeitia eta Azkoitiko Udalek tokiko establezimenduetaraino eraman nahi izan dute onlineko merkataritzaren potentziala, eta horretarako jarri dute martxan Hemenbuy! proiektua.

Erakusleiho zabal horretan bi herrietako 45 saltokiren produktuak eta zerbitzuak eskuratu daitezke. “Denden denda” den plataforma horretan askotariko artikuluak daude: moda, etxerako produktuak, informatika, aisialdia, osasuna, edertasuna eta elikadura. Eguneroko kontsumo produktuetara (hala nola, harategiak eta fruta dendak) zabaltzen du merkataritza elektronikoko eskaintza eta baita ere maiztasunez erabili behar diren zerbitzuetara  (fisioterapia, tratamendu nutrizionalak edo optikoak, e.a.).

Hemenbuy! plataformak aukera ematen die Azpeitia eta Azkoitiko saltzaile txikiei Internet bidezko salmentaren munduan sartzeko. Kontsumitzaileentzat, berriz, kanal berri bat da tokiko saltokietan erosketak egiteko ordu mugarik gabe. Atarian, gainera, mota askotako establezimenduak daude eta beraz posible da eskaera berean denda bat baino gehiagotako produktuak sartzea, gero erosketa saskia etxera bidaltzeko.

Azpeitia eta Azkoitiko Udalek Iraurgi Berritzen (Elkarmedia enpresa gipuzkoarrak garatua) ekimenaren bitartez garatu dute proiektu hau. 2014ko udazkenean martxan jarri zenetik 10.000 bisita baino gehiago izan ditu, eta salmenten %50 inguru Euskadi eta Nafarroatik egin dira; gainerako erdia penintsulatik iritsi da. Hemenbuy! ekimenak Eusko Jaurlaritzako Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren (SPRI) laguntza izan du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke