Ibermaticak Txileko Santiago hiriko metroko elektrizitate-sarean lan egingo du

2017ko Otsaila 15,

Txileko hiriburuko 3 eta 6 lineek komunikazio-sareak automatizatzeko sistema bat izango dute

Euskal aholkularitza-enpresak akordio bat sinatu du Schneider Electric-ekin, hiriburuko metroko bi lineatan 364 urruneko terminal abian jartzeko

 

Ibermatica aholkularitza teknologikoko enpresa gipuzkoarrak, Latinoamerikan duen Tecnet filialaren bitartez, akordio bat sinatu du Schneider Electric konpainia frantziarrarekin, Txileko Santiago hiriko metroko linea berrietako elektrizitate-horniketa kontrolatzeaz arduratuko diren unitateak abian jarri eta mantentzeko.

 

Txileko hiriburuko etorkizuneko 3 eta 6 lineek, 40 kilometroko luzera dutela, komunikazio-sareak automatizatzeko sistema bat izango dute, tren-azpiegituraren funtzionamendu egokia bermatu eta elektrizitate-horniketako hutsegiteek eragindako geldialdiak saihestu ahal izateko.

 

Sistemak Schneider Electric-ek garatutako 364 urruneko terminal izango ditu (RTU, ingelesezko siglen arabera), eta Tecnet arduratuko da horiek guztiak konfiguratu eta abian jartzeaz. Gailu horiek elektrizitatearen banaketa-prozesuak automatizatzeko diseinatuta daude, eta horien diseinu eskalagarri eta modularrak era askotako aplikazioetara egokitzen da, elektrizitate-azpiestazioetako kontrolatzaileak barne.

 

Sistema orokorra bi lineetako elektrizitate-azpiestazio arteztaileak eta tentsio altukoak, kargak banatzeko zentroak, geltokiak eta tailerrak gainbegiratu eta monitorizatzeaz arduratuko da. Horrez gain, seinale analogikoak eta digitalak jaso ahal izango ditu kontrol-lanak egiteko, bertan nahiz urrunean sortutako aginduak betearazteko edota automatismoak programatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke