Ia 3.000 milioiko laguntzak Europatik ingurumeneko berrikuntzarentzat

2015ko Azaroa 30,

spri_innovacion_infodays medioambiente
Un momento de la jornada Infodays sobre innovación al medio ambiente.Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean azaldu da zein den Horizon 2020 programaren funtsak eskuratzeko modu onena. Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Europako programa handiena da. Laguntza horien onuradunek gomendatzen dute “astiarekin lan egitea, lan- eta ikerketa-ildo batekin ez tematzea, eskatutakoari egokitzea, porrotaz ahaztea eta beste pertsona batzuek ere azter dezatela proposamena”.

SPRI Taldeak astelehen honetan antolatutako jardunaldi batek erakutsi du zein den modu onena Horizon 2020 programaren barruko ingurumen berrikuntzako funtsak eskuratzeko. Euskal enpresek aukera dute beren proiektuak aurrera eramateko ia 3.000 milioiko laguntzak eskuratuz Horizonte 2020 programatik, zeinak ia 80.000 milioi euro banatuko baititu 2014tik 2020ra bitartean.  Europako funts horri buruz hiru euskal lurraldeetan abendura bitartean antolatuko diren sei jardunaldietatik bosgarrena izan da astelehen honetakoa.

Javier Agirrek, Ihobe-Eusko Jaurlaritzako kudeaketako agentziako zuzendari nagusiak, bertaratu guztiak animatu ditu berrikuntza bultzatzera eta alde batera uztera “hau honela egiten da beti honela egin delako eta ongi funtzionatzen duelako” dioen pentsaera. Agirrek esan du derrigorra dela “produktu sostengarriak ekoiztea”, nahiz eta “lobby asko dauden aldaketarekiko uzkur direnak”.

Lydia Gonzálezek, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren menpeko  CDTI Estatu Agentziako ordezkariak, Horizon 2020 programa azaldu du, zeinaren barruan 2.956 milioi aurreikusita dauden ingurumen arloko laguntzetarako.  “5. erronka soziala da, eta aurrekontuaren erdia berrikuntzako proiektuetarako da”. Gonzálezek esan du ingurumenetik harago doala. “Funtsean, produkzio eta kontsumo eredua aldatzea da. Barruan sartzen dira klimaren aldeko ekintza, ingurumena, baliabideen eraginkortasuna eta lehengaiak”.

CDTIko ordezkariak esan du iaz Espainiari ingurumen arloko 41 proiektu onartu eta 32  milioiko diru-laguntzak eman zaizkiola, eta aipatu du Euskadi nabarmendu egiten dela “teknologi zentroen parte hartze handiarengatik”.

Aclima klusterreko Kristina Apiñanizek adierazi du Ihobe sozietate publikoak laguntzak dituela proiektuak aurkezteko Horizon 2020 programan  eta badirela diru-laguntza programa zehatzak,  enpresen nazioartekotze eta berrikuntza planen araberakoak. “Filialen bidezko atzerriko presentziari dagokionez, badira Global Lehian programa eta Bizkaiko Foru Aldundiarena”. Atzerrian produkzio ezarpenak egiteko, badira goiko bi horiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko beste bat. Eta zuzeneko salmenta nahi dutenentzat, gure laguntza interesgarria izan daiteke, kontaktuak ematen dizkiegulako eta Interlehian laguntza-programaz balia daitezkeelako”.

Jardunaldiaren amaierako mahai-inguruan parte-hartzaileek Horizon 2020 programako lehenengo deialdietako esperientziak kontatu dituzte. David García Tecnaliako ikerlaria da  –enpresa horrek, beste bazkide batzuekin batera, 7,5 milioi euroko proiektu baterako laguntzak lortu zituen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko–, eta esan du laguntza lortzeko lehia gero eta handiagoa dela eta “enpresa asko Europako programetan espezializatu di(rel)a. Edozein proposamenek dauka bikaintasun zientifikoa, baina hobeto jakin behar da emaitza tekniko horiek emaitza ekonomiko bihurtzen”.

Garcíak gomendatu du “astiarekin lan egitea, ez tematzea lan eta ikerketa-ildo batekin, eskatutakoari egokitzea, porrotaz ahaztea eta proposamena beste pertsona batzuek ere azter dezatela”.

Arcelor Mittaleko Ricardo Tuchok segurtatu du “garrantzitsua” dela Horizon 2020 programako proiektuetan parte hartzea, “aukera ematen digulako ikerketaren lehen lerroan parte hartzeko eta irtenbidea bilatzeko zepa bezalako hondakin bati”. Tuchori goresgarria zaio, aurreko berrikuntzako programetan ez bezala, oraingoan Europako Batzordeak berrikuntzari ematea lehentasuna ikerketaren gainetik, eta proiektuak aurkeztu nahi dituztenei gomendatu die “ahazteko finantzaketa, gehiago zentratzeko proiektuan eta partzuergo batez inguratu daitezela. Eta ezetz esaten badizuete, ondo irakurri ezetzaren arrazoia, hurrengoan baietza izan dadin”.

Lydia Gonzálezek ere esan du Horizon 2020 programan aurrekoan baino lehia handiagoa dagoela. “Ez dira bakarrik aurkezten direnak, baizik eta atalaseak gainditzen dituztenak ere, eta horietako asko finantzaketa gabe geratzen dira. Hori kezkagarria zaio Europako Batzordeari eta ari dira konponbide bila”. Mahai-inguruan esan da garrantzitsua dela proiektuak beste enpresa edo erakunde batzuekin batera aurkeztea, baina parte-hartze aktiboa izanik. “Bazkide pasiboak arrastaka badaramatzazu partzuergo batera, proposamena biziki geldotu daiteke. Garrantzitsua da gutxienez %50 aktiboak izatea. Proiektua gauzatzea gurutze-bide bat izan daiteke edo gozo joan daiteke, parte-hartzaileen jarreraren arabera”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke