Hybrid Play proiektuak bideojokoen eszenatoki bihurtzen ditu haur parkeak

2014ko Azaroa 05,


Hybrid Play proiektuak espazio publikora darama bideojokoen mundua; sentsoreak eta aplikazio mugikor bat erabiliz abentura digital bihurtzen ditu txirristak, zabuak eta jolasteko beste edozein elementu. Softwarea eta hardwarea kode irekian daude bideojoko berriak garatu daitezen.


Hybrid Play joko dispositibo bat da, haur parkeetako mundu erreala eta bideojoko digitalak nahasten dituena. Proiektuak espazio publikoa erabiltzen du interfaze gisa eta elementu fisikoak bideojokoaren kontrolatzaile bihurtzen ditu sentsoreen bidez. Hala, teknologien potentziala aprobetxatzen da eta aldi berean sustatu egiten da aire librean jolastea, jarduera fisikoa eta sozializazioa.

Proiektua bi elementutan oinarritzen da: batetik, edozeri atxiki dakiokeen pintza handi batean txertatutako sektoreak (txirrista, kulunka, zabua…) eta, bestetik, smartphone eta tabletentzako aplikazio mugikor bat (Android edo iOS). Sentsoreen bidez jokalariek parkeko altzarietan egiten dituzten mugimenduak erregistratzen dira eta ekintza bihurtzen dira, esaterako salto egitea, oinez ibiltzea, korri egitea edo jiratzea.

Hybrid Play proiektuaren hardwarea eta softwarea kode irekian garatu dira, aukera egon dadin beste proiektu batzuen arabera aldatu edo egokitzeko. Oraingoz sortzaileek diseinatutako bi bideojoko barne hartzen ditu: Puzzle City, non parte-hartzaileek puzzle baten pieza solteak aurkitu behar baitituzte hirian barrena eta Space Kids, parkea espazio eta jokalariak astronauta bihurtzen dituen jolasa. Erabiltzaileek bideojoko propioak ere diseinatu ditzakete ikusizko programazio lengoaiak erabiliz (adibidez Game) programazioari buruzko ezagutzarik izan beharrik gabe.

Dagoeneko probatu dute joko-dispositiboa nazioarteko hainbat hiritan antolatu diren tailerretan, guztira mila haur ingururen parte-hartzearekin. Asmoa da Hybrid Play proiektua 2015eko udaberrirako kaleratzea, eta horregatik, sortzaileek crowdfunding kanpaina bat jarri dute abian Indiegogo plataforman lehen unitateak produzitu ahal izateko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke