Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk Alemania gonbidatu dute urrian BECen egingo den Industri eta Teknologi Gailurrera

2013ko Ekaina 12,


– Juan Ignacio García de Motiloa Industria sailburuordeak eta Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusiak tramiteak hasi dituzte bulego komertzial berri bat irekitzeko Berlinen aurten bertan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko eta SPRIko ordezkaritzak bisita bat egin du Berlinera SPRIren bulego komertzial berri bat irekitzeko aurten Alemanian, herrialde estrategikotzat jotzen baita Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze politikaren barruan. Astelehenean hasitako bisita horri koroadura emateko, euskal ordezkaritzak jakinarazi du Alemania izango dela urriaren 1etik 4ra bitartean BECen egingo den Industri eta Teknologi Gailurreko herrialde gonbidatua.

Hala, Berlinera egin duten bidaia aprobetxatuz, Juan Ignacio García de Motiloa Industria sailburuordeak eta Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusiak hainbat kontaktu izan dituzte nazioarteko merkataritzarekin lotutako erakundeekin eta Alemanian finkatuta dauden euskal enpresetako ordezkariekin.

Bisita amaitzeko, SPRIko Nazioartekotze Saileko zuzendari Miren Madinabeitia Berlineko Espainiako Enbaxadan izan da gaur ekitaldi batean, eta BECeko ordezkariekin batera aurkeztu du Industri eta Teknologi Gailurra, non Alemania izango baita herrialde gonbidatua.

Madinabeitiak azpimarratu du Euskadirentzat oso garrantzitsua dela BECeko Gailur hau eta ekitaldia aprobetxatu du jakinarazteko Alemania oso herrialde interesgarria dela Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko eta SPRIko nazioartekotze estrategiarako.

Alemaniak euskal ekonomian duen pisua da Alemanian bulego berri bat irekitzeko arrazoi nagusia, merkatu germaniarrak badauka-eta gaitasuna gure enpresa-sarean jarduera bultzatzeko eta enplegua sortzeko. Alemania izan da tradizionalki Euskadirekin nazioarteko merkataritzan jardun duen bazkide garrantzitsuenetako bat, bai inportazioetan bai eta bai esportazioetan. Frantziarekin batera Alemania da euskal enpresen bezero nagusia, euskal esportazio guztien %14,2ren jomuga delako; hornitzaile bezala ere herrialde garrantzitsuenetako bat da, Errusiaren atzetik.

Era berean, kontuan hartu behar da Alemania dela euskal enpresa gehien hartzen dituen atzerriko herrialdeetako bat, horrek frogatzen duelarik Alemaniako merkatua funtsezkotzat jotzen dela eta emaitza positiboak ematen ari dela.

Industri eta Teknologi Gailurra da fabrikazio prozesuetako sektore garrantzitsuenak biltzen dituen gure herrialdeko nazioarteko azoka bakarra. Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen du eta bere kokalekua ez da kasualitatea, Euskadi eremu industrial indartsu eta dibertsifikatuenetako bat da-eta. Bere gaitasun eta bizitasun handiari esker, Europako Uztai Atlantiarreko gune industrial eta ekonomiko nabarmenenetako bat da. Tradizio industrial zabala du, hasieran meatzaritza, sidero-metalurgia eta ontzigintza sektoreetara mugatzen zena; geroztik, ordea, eraldaketa sakona jasan du eta teknologikoki aurreratuak eta berritzaileak diren sektoreetarantz hedatu da, hala nola aeronautikara, automoziora, makina-erremintara, energia berriztagarrietara edota burdinbideen industriara.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke