Fresmak-ek amarratzeko sistema bat optimizatuko du Europaren laguntzaz

2017ko Urtarrila 30,

Ramon Cenarruzabeitia, Fresmak enpresaren zuzendari nagusia

Euskal konpainiak F-GRIP deritzon bere proiektua aintzakotzat hartzea lortu du H2020 programaren barruan

 

Fresagailuetarako eta mekanizazio-zentroetarako amarratze-soluzioen fabrikazioan espezializatuta dagoen Fresmak enpresa gipuzkoarrak, itsaspen itzulgarriaren printzipio batean oinarrituta dagoen bere sistemetako bat optimizatuko du, Europar Batasunak ikerketa eta berrikuntza sustatzeko abian duen Horizon 2020 (H2020) delako programaren laguntzaz.

 

F-GRIP deritzon amarratze-sistema itsasgarri itzulgarri eta berreskuragarri batean oinarrituta dago, aeronautika bezalako eskakizun-maila handiko sektoreetako balio erantsi handiko pieza konplexuen mekanizazioa errazteko asmoz. Erabilitako itsagarria, tenperaturaren arabera itsaskortasun-fase desberdinak dituen polimero bifasiko nanoegituratu bat da.

 

Hotzari eta beroari esker, amarratze-indar handia duten era askotako materialak itsatsi edo aska daitezke, mekanizatu beharreko aldeak kaltetu gabe. Fresmak-ek ohar baten bidez jakinarazi duenez, soluzio honek mekanizatu beharreko edozein material amarratzeko aukera eskaintzen du, horretarako erabili beharreko tresneria gutxituz, mekanizazioko bibrazioak murriztuz eta amarratze eta mekanizazioaren kostua merketuz.

 

F-GRIP proiektuaren onarpenak produktua hobetu, saiakuntzak eta erakustaldiak egin eta horren fabrikazio eta komertzializaziorako prestatzen lagunduko dio euskal konpainiari.

 

Ekimen hau, aurreko urteotan Fresmak partaide izan duten beste berrikuntza-proiektu batzuen jarraipena baino ez da. 2013an, Euskal Herriko Unibertsitateko Polymat institutuaren lankidetzaz, konpainia gipuzkoarrak pieza konplexuei eusteko sistema kimiko-mekaniko bat diseinatu eta garatzeko proiektu batean parte hartu zuen, aeronautika sektoreari begira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke