ULMAk 314 milioiko finantzaketa-akordioa sinatu du nazioarteko hedapena sendotzeko

2015ko Uztaila 22,

Spri_financiacion_ULMA
Talde kooperatiboak Gipuzkoako Oñati herrian finkatuta dago

ULMA Taldeak 314 milioi euroko finantzaketa-akordioa lortu du banka sektorearekin datozen lau urteotarako, inbertsio berriak bideratu eta nazioarteko hedapen-estrategia sendotzeko asmoz.

Eragiketa honek bi ardatz ditu: sei urteko epea duen 150 milioi euroko mailegua eta bi urteko zirkulatzaileari zuzendutako hainbat finantzaketa-ildo, 164 milioi euroko guztizko balioa dutenak.

Akordioa berrikitan sinatu dute euskal industria taldeak eta Santander, BBVA, Popular, Sabadell, Caixabank, Laboral Kutxa, Bankinter eta Nafarroako Rural Kutxa erakundeak partaide dituen banku-poolak.

Azken 5 urteotan, ULMAk egitura finantzarioa sendotu eta zorpetzea murriztea xede duen estrategia garatu du. Oraingo finantzaketaren bidez, konpainiak behar bezalako erantzuna eman nahi die negozio-garapenaren arloan dituen beharrizanei.

Gipuzkoako Oñati herrian finkatuta dagoen talde kooperatiboak 4.350 langile ditu eta zortzi negozio-unitate biltzen dituen jarduera garatzen du, arkitektura, eraikuntza, logistika eta beste hainbat sektoreri zuzendutako soluzioak barne hartuta.

Konpainiak 666 milioi euroko salmenta bateratuak izan zituen 2014an, produktu nahiz zerbitzuetan, eta horietatik 513 milioi (salmenta guztien % 77) nazioarteko merkatuei dagozkie.

Taldeak 2015eko salmenta bateratuak 719 milioi euroraino igotzea aurreikusi du, % 8ko gehikuntzaz. Kopuru horretatik, konpainiak iragarri duenez, 565 milioi nazioarteko merkatuetakoak izango dira, hots, salmenta guztien % 80.

Dimentsio Empresariala – ULMA Taldea



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke