9 milioitik gora 297 makina berritzeko, Eusko Jaurlaritzaren Industria-Makineriaren Renove programaren eskutik

2015ko Ekaina 12,

Industria-Makineriaren Renove Programa

268 enpresak -gehienak, 219, makina erremintaren sektorekoak- 297 makina berritzeko eskaria aurkeztu dute. 2014ko programa kontuan hartuta, urte eta erdian 18,5 milioi euro bideratu dira, esan nahi baita 187 milioi euroko inbertsioa eragin dela 786 makina berri erosteko. Araudian aldaketa nabarmena egon da makina berrien gutxieneko prezioan: iazko 30.000 eurotatik aurtengo 70.000 eurotara pasatu baita gutxieneko balioa.

268 enpresak eskaerak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu eta SPRIk kudeatutako Industria-Makineriaren  Renove Programara, 297 makina berritzeko asmoarekin. Eskaera horiek 81 milioi eurotik gorako inbertsioa eragingo dute. Zifrak nahikoa dira erakusteko euskal industriak apustu sendoa egin duela produktibitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzearen alde.

Programa honen bitartez berritu nahi diren 297 makinen gehiengoa, 219 zehazki, makina erremintaren sektorerako dira, 6,3 milioi euroko diru-laguntza jasoko dutenak eta ia 63 milioi euroko inbertsioa eragin. Gainerako eskaerak hainbat sektoretakoak dira, besteak beste galdaketa, kautxuaren eta materia plastikoen eraldaketako industriak, elikagai eta edarien industriak, nekazaritzako makinak, siderurgia edota paperaren industria.

Aurten aurkeztutako eskaera kopurua iazkoa baino txikiagoa izan da, izan ere programaren araudian aldaketa garrantzitsua egin baita, hain zuzen ere makina berriaren gutxieneko balioan; iaz 30.000€ izan ziren, aurten berriz 70.000€ da makina berriak izan behar duen gutxieneko prezioa.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak adierazi duenez, sektorearekin batera diseinatu eta baloratutako programa honen xedea da enpresetako aktiboen zati bat berritzea eta makinak puntuan jartzea ikuspegi guztietatik, betiere produktibitatea hobetuz eta pertsonen segurtasuna zainduz.

Aurkeztutako eskaeretako datuek agerian uzten dute euskal enpresak ez duela ahaztu lehiakortasunaren aldeko apustua, ezta jarduera industrialak joera aldaketa bat bizi duen une honetan ere. Hain zuzen, orain inoiz baino prestatuago egon behar dute produkzio eta eskaera berriei aurre egiteko.

Lurraldeka, Gipuzkoako –makina erremintaren sektorean tradiziorik handiena duen lurraldeko- 120 enpresak parte hartu dute programan eta 134 eskaera aurkeztu dituzte. Bizkaian 93 enpresak 102 eskaera aurkeztu dituzte eta Araban, berriz, 55 enpresak makina berriak erosteko 61 eskaera egin dituzte.

Programa beraizik zuzendurik dago makinak berritzeko premia duten ETEei, programa honen bidez berritze eta modernizazio prozesuei ekin diezaieten.

Produktibitatea eta segurtasuna hobetzeko makina berriak

Renove Programa honen helburu nagusia da euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzea, eta horretarako, industria arloko enpresen produkzio-ekipamenduak modernizatuko dira eta lan arloko segurtasun- eta osasun-arauetara egokituko dira, makina berriak erosiz, enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Osalanek, erakunde laguntzaile den aldetik, lan esparruko segurtasun- eta osasun-agiriak eta dagokion dokumentazio teknikoa aztertuko ditu, eta horrez gain, makinak ikuskatuko ditu. Gero, txosten bat igorriko dio SPRIri, eta bertan, ikuskapena egiaztatzeaz gain, haren segurtasun-baldintzak betetzen diren ala ez adieraziko da.

70.000 eurorainoko diru-laguntza makina bakoitzeko

Makina berriak 70.000 euro balio behar du gutxienez (BEZa kontuan hartu gabe). Erosketa-kontzeptuan egiaztatutako gastuaren %15eko diru-laguntza emango da; gehienez ere 70.000 euro emango dira erositako makina bakoitzeko, eta 100.000 euro enpresa bakoitzeko (diru-laguntza erosketa bat baino gehiagorentzat den kasuetan).

Diru-laguntza jaso ahal izango duten makina motak

Diru-laguntza jaso dezaketen makinak jarduera hauetarako izango dira: produktuak eta materialak ontziratu eta enbalatzeko; lehengaiak eta produktu erdilanduak eraldatzeko; eta enpresaren ustiaketa ekonomikoaren produkzio-prozesuen manipulazio automatikorako.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke