Exosomak ehun eta organoen formazioan inplikatu dituzte

2014ko Abendua 29,


Juan Manuel Falcon-Perez CIC bioGUNEko ikertzailea eta Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroan ikertzaile dabilen Isabel Guerrero buru dituen ikerketa batek argitu duenez, ehunen garapena eta ama-zelulen banaketa arautzen dituen Hedgehog izeneko proteinak exosomak erabiltzen ditu zelula desberdinen artean bidaiatzeko.


Exosomak organismo bateko ia zelula-mota guztien kanpoaldean dauden besikula txiki-txikiak dira. Duela hiru hamarkada baino gehiago egiaztatu zen horien existentzia, baina hasieran, zeluletako hondakinak biltzeko ontziak baino ez zirela uste zuten.
Azken urteotan, ordea, hurbileko nahiz urruneko zelulak komunikatzen dituzten mezulari zelularrak direla frogatu da, eta fisiologia eraldatzeko moduko giltzarrizko informazioa garraiatzen dutela ehun desberdinen artean, minbiziaren aurrerapenarekin nahiz metastasiaren garapenarekin lotu direlarik.
“Exosomei atxikitako garraio honek Hedgehog proteinaren kontzentrazioaren mailakaketa zehazten lagundu du, eta beste zelula batzuekin batera, organismoa osatzen duten ehun eta organo desberdinen formaziorako ezinbestekoa den mapa tridimentsionala sortzen dute”, Juan Manuel Falcon-Perez CIC bioGUNEko ikertzailearen iritziz.
Lan honek proteina besikula horietan dagoela frogatu du, eta exosomen formazioan gerta daitezkeen aldakuntzek akatsak sor ditzaketela Hedgehog proteina tarteko duen seinaleztapen tisularrean.
Aurkikuntza garrantzi handikoa da, ehunen formazioaren hasierako faseei buruzko ezagutza sortu eta tresna terapeutiko berriak ikertzeko bidea zabaltzen duen heinean, izan ere, exosomak, nahi ditugun molekulak garraiatzeko eralda edo manipula daitezkeen besikulak baitira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke