Eusko Jaurlaritzak INDARTU jarri du martxan, Ibar Ezkerrean eta Oiartzualdean inbertsio produktiboak erakartzeko eta enplegua sortzeko programa

2015ko Iraila 04,

spri_indartu
Arantxa Tapia, programa berria aurkezten.

Zonalde horiek Europar Batasunak eremu ahul gisa sailkatutako eskualdeak dira, eta horregatik jaso ditzakete honelako laguntzak. INDARTUk 8 milioi euro banatuko ditu industriaren arloan enplegua sortzeko balioko duten inbertsio berriak sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak INDARTU  programa berria aurkeztu du. Programa horren bidez diru-laguntzak emango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerrean eta Oiartzualdean enplegua sortzeko inbertsio produktiboak egingo dituzten enpresei. 

2014ko maiatzean Europako Batzordeak Eskualdeko Laguntzen Mapa berria onartu zuen, eta bertan adierazten da Euskal Autonomia Erkidegoko zonalde batzuk hautatuak izan daitezkeela enpresa-inbertsioa sustatuko duten eskualde-pizgarriak emateko, besteak beste gorago aipatutako zonalde horiek.

Indartu Programa berria, labur esanda, oinarrizko ezaugarri hauen inguruan egituratzen da:

 

  • Enplegua sortzeko inbertsio produktiboa sustatzea zonalde horietan. Inbertsio hori enpresa berriek edo lehendik daudenek eginikoa izan daiteke eta lehentasuna izango dute zuzenean honako hauekin lotuta dauden inbertsioek: produktuaren transformazio-prozesuan hobekuntzak egitea, gaitasunak handitzea edo jarduera berriak garatzea.

 

  • EBk “eremu ahul” gisa sailkatu dituen zonaldeei zuzentzen zaie, zeintzuetan diskriminazio positiboko neurriak har baitaitezke, langabezia handia dutelako, bai ekonomia-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako, bai hondatutako egitura bat dutelako zonaldearen garapena zailtzen duena.
  • Enplegua sortzea funtsezko faktorea da programa honetan. Beharrezkoa da muga egokiak ezartzea inbertsioak jaso ahal izateko eta inbertsio horien bidez zuzeneko nahiz zeharkako enplegua sortzen laguntzeko.

 

  • Bereziki aipatzen da inbertsioek behar bezala finantzatuta egon behar dutela. Horrela, baliabide propioen gutxieneko estaldura eskatzen da, laguntza jaso dezaketen inbertsioen guztizkoaren %25ekoa hain zuzen.

 

Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira. Horri eta lehen aipatutako eskakizunari esker, enpresek finantza-egitura saneatuak izango dituzte, eta gai izango dira inbertsioak sendotu arteko aurreko urteei eusteko.

 

Erakunde onuradunak.

Agindu honetan jasotako diru-laguntzen onuradun izan daitezke enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo zerbitzu teknikoak eskaintzen badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak).

 

Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerreko eta Oiartzualdeko udalerriak.

Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerra eta Oiartzualdea zonalde ahul gisa sailkatu dira beren ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik,  bai industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako, bai hondatutako egitura bat dutelako sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia eskatzen duena.

Honako zonalde hauek izango dira Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerra eta Oiartzualdea: Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Diru-laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014-05-21eko SA 38472 (2014/N) zenbakidun Erabakian jasota daudenak.

 

Erabaki horretan oinarrituta, honako zonalde hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaizabal itsasadarraren Ibar Ezkerra eta Oiartzualdea:

  • Oiartzualdea (Gipuzkoa), udalerri hauek osatua: Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.

 

  • Ibaizabal itsasadarra (Bizkaia), udalerri hauek osatua: Sestao, Ortuella, Trapagaran, Abanto, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio.

 

Inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko baldintza nagusiak

a)     Enpresa handiek, gutxienez, 3 milioi euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta, gutxienez, 20 lanpostu garbi sortu beharko dituzte; ETEek, aldiz, gutxienez 750.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta gutxienez 5 lanpostu garbi sortu beharko dituzte. Baita ere onartuko dira aurreko paragrafoan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 100 lanpostu sortzen dituzten (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen dituzten (enpresa txiki eta ertainen kasuan) enpresen inbertsioak.

b)     Enpresaren baliabide propioak, diru-laguntzak salbu, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izatea gutxienez.

Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

Laguntza jaso dezaketen inbertsiotzat joko dira enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioak, kategoria hauetan: Jabetza Industriala eta Patenteak; Aplikazio informatikoak; Lursailak eta Ondasun naturalak; Eraikuntzak, Instalakuntza teknikoak; Makinak; Tresneria eta Beste instalakuntza batzuk, eta Informazio prozesuetarako ekipoak.

 

Diru-laguntzen zenbatekoa.

Agindu honen esparruan eman beharreko diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, eta laguntza jaso dezakeen inbertsioaren %10ekoak izango dira.

Diru-laguntzek gehieneko muga bat dute, ez baitira inoiz izango 3.000.000,00 euro baino gehiagokoak enpresa bakoitzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke