Eusko Jaurlaritzak “Basque Industry 4.0” jardunaldi tematikoak bultzatzen ditu

2017ko Otsaila 03,

Logo Basque Industry 4.0
Basque Industry logoa.

Jarraipena eman nahi diote udazkenero egiten den ekitaldi zentralari, hots, Basque Industry 4.0 jardunaldiari, 4. iraultza industriala bezala ezagutzen den foroari.

Big Datari buruzko jardunaldi batekin hasi da 30 saioz osatutako  ziklo bat, zeinaren ardatza baita profil profesional bat, enpresek maiz eskatuko dutena datozen urteetan. Datozen hilabeteetan Ikusmen Artifiziala, Ziber-segurtasuna, Negozioak eta Networking eta Digitalizazioa gaiei buruzko jardunaldi tematikoak egingo dira Basque Industry 4.0 aterkiaren azpian.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak abian jarri ditu “Basque Industry 4.0”  jardunaldi tematikoak, zeintzuk SPRI Taldeko “Enpresa Digitala” zerbitzuaren bidez ari baitira gauzatzen urte osoan, izen bereko estrategiari lotuta. Jardunaldi horiek jarraipena ematen diote udazkenero egiten den Basque Industry 4.0 jardunaldiari, hots, 4.0 industriari buruzko ekitaldi nagusiari. Ekitaldi horren xedea da foro bat izatea, 4.0 industriak Euskadira dakarren paradigmari buruz iritziak trukatzeko eta etorkizuneko perspektibak aztertzeko. Joan den azaroko azken edizioan, euskal enpresak, startup-ak, klusterrak, teknologi zentroak eta unibertsitateak izan ziren Basque Industry 4.0 jardunaldiko protagonistak.

 

4 iraultza industriala ere deitzen zaio Eusko Jaurlaritzaren Basque Industry 4.0 estrategiari. Estrategia horrek bere baitan hartzen ditu alderdi hauek: teknologia adimendunak sartzea euskal enpresa eta industrien bitarteko eta produkzio sistemetan; gaitasun eta teknologia gorakor berriak aprobetxatzea produktu eta prozesu berrietan; material aurreratuak txertatzea balio erantsi handiagoko konponbideetan edo prozesu hobetuetan; erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta sostengarritasuna zaintzea; eta balio erantsi handiko zerbitzuak integratzea. Horixe da, hain zuzen, fabrikazio aurreratua, eta horixe da, bestalde, RIS Espezializazio Adimenduneko estrategiaren hiru ardatzetako bat, energiarekin eta bio-osasunarekin batera. Europako Batzordeak bultzatu du RIS estrategia, eskualdeak espezializatu daitezen lehendik ere gaitasun handienak dituzten sektore industrialetan.

 

Basque Industry 4.0 jardunaldi tematikoak arestian hasi dira Big Data-ri buruzko ekitaldiarekin, eta maiatzera arte luzatuko dira gai hauek ardatz harturik: ziber-segurtasuna, negozioak eta networking-a, digitalizazioa eta ikusmen artifiziala. Asmoa da urte osorako jarduerak antolatzea 4.0 estrategia indartzeko, eta, aldi berean, enpresak sentsibilizatu eta ikusarazteko zein garrantzitsua den konpainiak eta prozesuak digitalizatzea.

 

Big Data-Basque Industry 4.0 jardunaldi tematikoak 30 saioz osaturik daude, urtarrilaren 10ean hasi eta maiatzaren 2ra arte luzatuko direnak. Ikastaro horien bidez erantzuna eman nahi zaio datozen urteetan gehien eskatuko den profil profesionaletako bati: Data Scientist edo Big Data arloko espezialista.

 

Eraldaketa digitala negozio-ereduak aldatzen ari da, eta, aurrerantzean, enpresa teknologiko berriez gain, edozein konpainiak beharko ditu datu kopuru handiak interpretatzeko eta aztertzeko gai diren profesionalak, enpresa horien errendimendua hobetzeko. Ikastaro hau ibilbide moduan aurkeztu da eta helburutzat dauka hobeto ulertzea datuak Big Data arloko benetako proiektu baten barruan duen bizi-zikloa estali ahal izateko eman beharreko urratsak.

 

Ikusmen Artifiziala eta bere aplikazio industriala

Bestalde, otsailaren 9an “Ikusmen Artifiziala eta bere aplikazio industriala – Basque Industry 4.0” jardunaldia egingo da Garaia Gunean, Arrasaten. Adimen artifiziala asko aplikatzen da gure jarduera esparru desberdinetan, bereziki sektore industrialetan, tresna indartsua baita ikuskaritza eta kalitate-kontrolerako. Nahiz eta hedabide teknikoek sarri ematen duten gai horren berri, inplikatutako alderdiek (hornitzaileek, erabiltzaileek eta teknikariek) batzuetan kontzeptu ilunak erabiltzen dituzte teknologia hori azaltzeko.

 

Otsailaren 23an ziber-segurtasunari buruzko jardunaldi tematikoa egingo da Hernanin, Orona eraikinean. Foro aproposa, inondik ere, ideiak, esperientziak eta ingurune industrialetan eginiko ziber-segurtasun proiektu arrakastatsuak trukatzeko. Hainbat aditu elkartuko dira, eta beren ikuspegia emango dute horrelako inguruneetan ohikoenak diren eraso mota desberdinei buruz, baina, batez ere, geure burua babesteko edo horrelako arriskuak minimizatzeko teknikez mintzatuko dira.  Horrez gain, enpresa industrialen kasu errealak aurkeztuko dira eta aukera egongo da, sektoreko arazoen inguruko esperientziak lehen eskutik ezagutzeko.

 

Martxoan Negozioak-Network jardunaldi tematikoa egingo da. Jardunaldi horretan enpresek hizpide hartuko dituzte EIKTak eta azalduko dute batzuetan beren arazoen konponbidea izan direla, bestetan produkzio prozesuak hobetzeko erabili dituztela edo baita ere premia edo erronkei erantzuteko, aldaketak egiteko nahiz negozio-eredu berriak sortzeko. Gainera, parte-hartzaileek topaketak egingo dituzte esperientziak partekatzeko.

 

Apirila eta maiatza bitartean digitalizazioari buruzko jardunaldi tematikoa egingo da, zeinaren helburua baita gaitasun digitalak bultzatzea euskal gizartean, eta ez soilik industrian, baizik eta baita ere hezkuntzan, enpleguan, enpresan eta funtzio publikoan.

 

Gainera, ekitaldian zehar berrogeita hamar bat tailer praktiko egingo dira Enpresa Digitala zentro guztietan (Zamudion, Miñaon, Miramonen eta Garaian). Gehienez 20 parte-hartzaile onartuko dira tailer bakoitzeko, zeintzuetan 4.0 industriaren ezarpena landuko baita.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke