ES | EU


2014ko Urria 07


Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailak euskal enpresen barrutik jarduera ekonomiko berria sortzeko laguntza aditua bideratuko du.
Lehen saioa gaur egin da Gipuzkoan, eta hurrengoak Bizkaian eta Araban izango dira urriaren 9an eta 14an.
CAF, Pharmaceutical eta Arteche enpresek haien barne-ekintzailetza kasuak azaldu dituzte jarduera berriak eta lanpostu sortzera lagundu duten eredu gisa.Ekimena Jarduera Ekintzailea Sustatzeko Erakunde Arteko Planaren baitan kokatzen da eta, besteak beste, errendimendu altuko zuzendaritza-prestakuntza eta proiektuak definitu eta aurrera eramateko akonpainamendu aditua eskaintzen ditu.


Barne-Ekintzailetza edo Ekintzailetza Korporatiboa “Jarduera Ekintzailea Sustatzeko Erakunde Arteko Planaren” apustu bereizgarria da, eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saila da bere sustatzailea, hiru Lurralde Historikoetako Enpresa eta Berrikuntza Zentroekin (EBZ) elkarlanean.

Barne-ekintzailetza negozio, produktu eta zerbitzu berriak enpresa barrutik sortzeko prozesua da eta geurea bezalako ekonomia aurreratuetan enpresa-garapenaren esparruan emaitzarik onenak ematen ari den bideetakoa da mundu osoan.

Aitor Urzelai, Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Gizarte Informazioaren zuzendariak azaldu duenez, “ekimen honen helburua da euskal enpresek dituzten gaitasunak baliatuz, enpresa barrutik negozio berriak abiaraztea, eta horretarako berariazko laguntza eskainiko zaie, epe ertain eta luzea hazteko eta enplegua sortzeko gaitasuna duten irispide luzeko proiektuak gara ditzaten”. Beraz, Urzelairen ustez “ekintzailetza enpresa barruan txertatzean datza erronka, era horretara beren berritzeko gaitasuna eta negozio-lerro eta eredu berrietara jauzi egitea ahalbidetuko duten produktu eta zerbitzuak eskaini ahal izateko”.

Ekimena 16 hilabetetan egingo da (2014ko amaiera – 2016ko hasiera) eta tarte horretan bide horretan abiatu diren euskal enpresen esperientziak partekatzeko difusio-jarduerak egingo dira, arlo horretan aditu diren lan-jardunaldiak eta proiektu zehatzak garatzeko, banan-banako akonpainamendu aditua eskainiko zaie hainbat enpresari.

Ekimen honetan parte hartu dezakete euskal ekoizpen-ehuna osatzen duten enpresa guztiak. Edozein kasutan, ekimenari etekinik onena 50 langiletik gorako industria enpresek atera ahal izango dutela uste da.

Ekimena aurkezpen-jardunaldiak gaur hasi dira , urriak 7, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan (Donostian); urriaren 9an Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan (Zamudion) izango da eta azkenik, urriaren 14ean Arabako Parke Teknologikoan (Miñaon). Aurkezpen guztietan Aitor Urzelai, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarterako Eusko Jaurlaritzako Zuzendaria izango da, eta berarekin batera lurralde bakoitzeko EBZetako arduradunak izango dira. Beraiekin batera, bestalde, beren esperientzia azalduko duten euskal enpresak: CAF Gipuzkoan, Praxis Pharmaceutical Araban eta Arteche Bizkaian.