Eusko Jaurlaritza, enpresak eta zentro teknologikoak euskal bio-zientziaren ordezkari Biospain azokan

2014ko Iraila 24,


– Euskadiko “bio” sektorearen ordezkaritza zabal batek parte hartuko du irailaren 24tik 26ra bitartean Santiago de Compostelan egingo den Espainiako azoka garrantzitsuenean.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila han izango da SPRIko Biobasque agentziarekin eta baita ere Histocell, Noray eta Praxis enpresekin eta Gaiker-IK4 teknologi zentroarekin.


Bio-zientzien euskal sektoreak erakusleiho paregabea izango du bere kredentzialak erakusteko Biospain 2014 azokan, Espainiako bio-teknologia azoka garrantzitsuenean hain zuzen. Irailaren 24tik 26ra bitartean Santiago de Compostelan egingo den azoka horretara euskal ordezkaritza bat joango da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak (SPRIko BioBasque Agentziaren bitartez) eta bio-teknologiaren euskal sektoreko enpresa ugarik osatua.

Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea

Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea

BioSpain azoka urte birik behin egiten da  ASEBIO-Espainiako Bio-enpresen Elkarteak antolatuta –aurten Galiziako Xuntaren laguntzarekin–, eta helburutzat du bio-teknologia sektorearen sendotasuna agerraraztea eta harremanak bultzatzea sektoreko eragile ugarien artean: enpresak, ikerketa zentroak, organismo publikoak, e.a. Azken edizioa Bilbon egin zen 2012an eta aldi hartan 762 enpresa erakusle eta 25 herrialdetako 1.850 ordezkari erakarri zituen eta 2.800 lan bilera inguru egin ziren.

Hala Biobasque (SPRI) agentziak nola Histocell, Noray, Praxis eta Gaiker-IK4k stand propioak izango dituzte euskal BioEskualdearen gaitasunak erakusteko.

Gainera, Biobasque (SPRI) agentziak saio bat antolatuko du hilaren 24an BioSpain azokako jardueren egitarau ofizialaren barruan. Jardunaldi horren izenburua “Key Enabling Technologies Applied to BIO” da eta bertan izango dira Estibaliz Hernáez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea, eta berarekin batera bio-teknologiaren euskal sektoreko eragile nagusietako batzuk, hala nola MidatechBiogune, Praxis Pharmaceutical, Histocell, Dinakyn, Innoprot eta BBD Biophenix enpresak eta Gaiker-IK4 teknologi zentroa.

Sailburuordeak ekitaldiari hasiera emateko egingo duen hitzaldian hizpide hartuko du EAEk RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren markoan egin duen apustua, zeinaren helburua baita ezagutza zientifikoa sortzeko espazio bat eratu eta finkatzea eta ezagutza hori konponbide berritzaileetara eramatea bio-medikuntzaren edo bio-teknologiaren esparruko produktuak edo negozio ideia berriak sortuz.

Apustu horren funtsa da politika publikoen bidez laguntza ematea sektore tradizionalei, esaterako industria eta fabrikazio aurreratuari, eta horrekin batera  erronka berriei aurre egiten laguntzea,  ezagutzan intentsiboak diren sektore berrietaranzko dibertsifikazioa sustatuz, adibidez osasuna edo bereziki zahartzearekin zerikusia duten eremuak, e.a.

Eguerdiko 15:00etan hasiko den lan-saio horretan frogatuko dute nolako gaitasunak dituen bio-teknologiak ezagutzan intentsiboa den sektore bezala, sektore bat teknologia ugari integratzen dituena: material berriak, nano-teknologia, mikro-teknologia eta IKTak. Baita ere hitz egingo dute teknologia desberdinen arteko konbergentziak ekar ditzakeen lehiakortasun abantailez eta bio-eskualdeko enpresek garatutako aplikazioak aurkeztuko dituzte kasu praktiko gisa.

Enterprise Europe Network (EEN) Europako sareak antolatutako topaketa bilateralak edo partnering saioak ere egingo dira jardunaldian, zeintzuen helburua baita enpresa txiki eta ertainak harremanetan jartzea bio-teknologiaren arloko Europako konpainia berritzaileenekin, etorkizuneko kolaborazioak sor daitezen. Entreprise Europe Network  kontinenteko ETEei laguntzeko sortu zen eta SPRIk bertan parte hartzen du beste erakunde batzuekin batera, Basque EEN Partzuergoaren koordinatzaile funtzioa betez.

Euskal bio-eskualdea

Euskadin 70 konpainiak baino gehiagok lan egiten dute  bio-teknologiaren sektorean eta ikerketan jarduten duten hogei bat erakunde daude: unibertsitateak, ikerketa zentroak, teknologi zentroak eta ospitaleak. Euskal ekonomian gero eta garrantzi handiagoa duen sektore honek 26.500 lagun inguru enplegatzen ditu eta 300 milioi euroko fakturazioa izaten du urtean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke